Partidaren ondoren egin dituen adierazpen guztiak atzera botatzeko "exijitu" diote Manuel Sarrion arbitroari

Barren.eus 2018ko ots. 20a, 20:00

C.D. Elgoibarko presidente Jon Basurtok eta Idiazabal K.E.ko presidente Matias Aranburuk elkarrekin eskaini dute prentsaurreko agerraldia gaur arratsaldean Elgoibarren. Orain arte esandako guztiak berretsi dituzte. "Guk esandakoa da Idiazabalen gertatu zena", esan dute. Izan ere haserre daude Manuel Sarrion epaileak komunikabideetan eginiko adierazpenekin.

"Gure haserrea azaldu nahi dugu Idiazabalen gertatutakoagatik. Idiazabal K.E. eta C.D. Elgoibar bi elkarte eredugarri gara, eta beste ezeren gainetik, kiroltasuna eta jokabide onak sustatzen ditugun bi elkarte gara" esanez hasi dute IMHko gela batean eman duten prentsaurrekoa. Kiroltasunaren aurkako edozein jokabide gaitzesten eta salatzen dutela azaldu dute bi presidenteek. Joan den zapatuan Idiazabalen gertatutakoaren aurrean, orain arte esandako guztiak berretsi nahi dituztela adierazi dute. "Guk esandakoa izan zen Idiazabalen gertatu zena", esan dute. Era berean, partidaren ondoren egin dituen adierazpen guztiak atzera botatzeko exijitu diote Manuel Sarrion futbol epaileari. Bi taldeetako presidenteek esan dute ez dutela utziko inork beren "armarriak zikin ditzan". Arbitroen kolegioarekin eta futbol arbitroen Gipuzkoako elkartearekin (AGAF) aordio bat lortzen saiatu diren arren, ezinezkoa izan dela azaldu zuten Basurtok eta , erakutsi duten "itxikeria" dela-eta. Gipuzkoako Futbol Epaileen Komiteak babes osoa eman zion Sarrion epaileari. "C.D. Elgoibarrek eta Idiazabal KE-ak ez dute sinatuko epailearen hitzak oker ulertu zirela dioen idatzirik. Gizon horrek oker jokatu zuen eta ez du onartu nahi. Ohore kontu bat da. Gure elkarteak 100 urte bete ditu eta Gipuzkoako federazioaren sortzaileak gara. Ez daukagu inoren aurka joateko beharrik", esan du Basurtok. Arbitroen estamentua dagokion mailan egotea espero dutela gaineratu du. "Badakigu arbitratzea ez dela erraza, eta beti defendatuko ditugu epaileak kiroltasunaren aurkako edozein jokabideren aurrean. Gure errespetua erakutsi nahi diogu arbitroen kolektiboari".

CD. Elgoibarrek eta Idiazabal KE-k emandako babesa eskertu diete Gipuzkoako Futbol Federazioari eta bertako presidenteari eta idazkariari, auzi honetan bitartekari lanak egiten saiatu direlako. Elgoibarko eta Idiazabalgo udalek erakutsi dieten babesa ere nabarmendu dute, "eta beste horrenbeste egiten dugu modu pribatuan haien babesa azaldu diguten futbol taldeekin".

Jon Basurtok eman dio amaiera agerraldiari honako berbekin: "C.D. Elgoibar etengabe ari da lanean euskara gure eguneroko jardunean egon dadin, eta Idiazabalen gertatutakoak indartu baino ez du egiten gure hizkuntzarekin daukagun lotura eta konpromisoa". 

Gogora ekarri behar da, Manuel Sarrion arbitroak ukatu egin duela euskaraz egitea debekatu zienik jokalariei, hainbat komunikabidetan egin dituen adierazpenetan.
Sarrionek ETBri azaldu dionez, azarotik bizi da Gipuzkoan, eta ez du euskara ulertzen, eta, horregatik, partida hasi aurretik taldeetako ordezkariekin biltzen da bere egoera pertsonala zein den azaltzeko. Berari gaztelaniaz hitz egiteko "eskatzen" die, baina partidan zehar euren artean euskaraz hitz egin dezaketela esaten die.

• Gipuzkoako Aldundiaren babesa

Euskara "edozein erasoren aurrean irmo" defendatuko duela ohartarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Idiazabal eta Elgoibarren arteko partidan arbitroak jokalariei euskaraz berba egitea debekatu izana “oso larria” dela uste du Aldundiak. Hala adierazi du Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak gaur eman duen prentsaurrekoan. Gertakariak gaitzetsi ditu Lasak. Euskara “ez da Gipuzkoako eta Euskadiko hizkuntza ofizial bat bakarrik, euskal herritar guztien hizkuntza baizik”, gogorarazi du bozeramaileak.

∞Lotura duten albisteak:

cd elgoibar idiazabal prentsaurrekoa imh kamisetak

 cd elgoibar idiazabal prentsaurrekoa imh 2