Elgoibarren geldialdia Kopenhagera bidean

Barren.eus 2018ko ots. 13a, 19:09

Oviedotik Danimarkako hiriburura, Kopenhagera, bizikletaz bidaiatzen ari dira David Lago eta Jessica Martinez asturiarrak. Lurra planeta zaintzeko beharraz kontzientziatu nahi dute jendea 2.500 kilometroko bidaia honekin. Zapatuan Elgoibartik igaro ziren.

Mozorrotutako lagunen artean oharkabean pasa zen bikote bat joan den zapatuan Kalegoen plazatik. Txirrindulariz mozorrotuta zihoazela pentsatzea zen errazena, bizikletaz ibiltzeko eguraldirik ere ez baitzuen egiten.

Bizikletan ibiltzeko sasoirik gogorrena aukeratu dute David eta Jessica asturiarrek, are gehiago azken egunetako denboraleak errepidean bizi izan dituztela jakinda. Joan den urtarrilaren 27an hasi zuten bidaia Oviedotik eta Kopenhageraino ailegatu nahi dute, 2.500 kilometroko ibilbidea osatuta. Erronka solidario gisa planteatu dute bidaia. Batetik, lurra planeta zaintzeko beharraz kontzientziatu eta klima aldaketaren ondorio kaltegarriez ohartarazi nahi dute jendea; eta, bestetik, landa eremuetaraino eraman nahi dute zientzia. Izan ere, Fisikan doktorea da David eta zientziari buruzko hitzaldiak eskainiko ditu geldialdiak egingo dituzten hainbat herri txikitan. Lortzen duten diruarekin gizakion aztarna ekologikoa nola gutxitu daitekeen azaltzen duen liburu bat itzuli eta argitaratu nahi dute, Biodiversa elkartearen bitartez. Jessicak kudeatzen duen bidaiari buruzko blogean (http://www.fromcaverntostars.com/) batzen dihardute dirua crowdfunding finantzaketa kolektiboko kanpaina baten bidez.

asturiasetik kopenhagera erroka

copenagera bidean bizikletaz elgoibar v1