36ko Gerran galdutako 24 pertsonaren gorpuzkinak hobiratu dituzte Olason, Duintasunaren Kolunbarioan

Barren.eus 2018ko ots. 9a, 14:41

Ahazturatik oroimenera, ilunetik argitara. Memoria egiteko eguna izan da gaur Elgoibarren, 36ko Gerran Errepublikaren alde duintasunez borrokatu zuten haietako batzuei duintasuna itzultzeko eguna. Izan ere, gerran hildako 24 lagunen gorpuzkinak hobiratu dituzte Olaso hilerrian, Duintasunaren Kolunbarioan.

Gaur hobiratu dituzten 24 gorpuzkinetatik hiru bakarrik identifikatu ahal izan dituzte, eta honako hauek dira: Ramon Portilla CNTkoa; Millan Zabala, Donostiako Udaleko Gauzainen Kidegoko langilea, eta Nicolas Obregon Eusko Gudarosteko CNTren Sacco Wanzetti batailoiko kaboa. Gogorak antolatu du ekitaldia, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, eta ekitaldian Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro eta Aranzadi Zientzia Elkarteko hainbat kidez gain, tartean Paco Etxeberria antropologoa bera, zortzi udalerritako ordezkariak, Memoria Historikoaren aldeko taldeetako ordezkariak (Tartean, Elgoibar1936 taldekoak), testigantzak eman zituztenen hurbilekoak eta hainbat agintari batu dira, tartean Elgoibarkoak. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Ane Beitia alkatea, Iosu Arraiz eta Blanca Larrañaga alderdikide eta zinegotziak eta Juan Luis Ibartzabal EHBilduko zinegotzia.

Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendariak hasi du ekitaldia. Gaurko hobiratzeekin deshobiratzean hasitako ziklo bat ixten dutela nabarmendu du. “Ahazturatik atera eta merezi duten lekua emango diegu”. Elgoibarko Haritz Dantzari Taldekoek egin dute ohorezko agurra, herriko txistulariek lagunduta, eta ondoren, hobiratzea hasi dute, banan-banan. CNTko Ramon Portillaren senideek, CNTko bi ordezkarik eta gorpuak agertu diren udalerrietako ordezkariek parte hartu dute ehorzketan, Bilbo, Donostia, Etxebarria, Galdames, Larrabetzu, Legutio, Lemoa eta Turtziozko udaletakoek. Ondoren, loreak utzi dituzte Kolunbarioaren dagoen Duintasuna eskulturaren aurrean.

duintasun kolunbrioa elgoibar zelaietaburu santi inazio retolaza

• Zelaietaburuko hilotzak
Santi eta Inazio Retolaza anaia elgoibartarrek ere parte hartu dute ekitaldian. Zelaietaburun (Etxebarria), Elgoibarko lurretatik metro gutxira topatu zituzten hiru gorpuetako baten gorpuzkinak hobiratu dituzte. Santi eta Inazioren aita, Jose Mariano Retolaza, elektrikaria zen eta tropak Elgoibarrera sartu zirenean, frankistek euren alde lan egitera behartu zuten. Frontetik botatzen zituzten tiroek etendako argindar-kableak konpontzen ibili zen, fronteak iraun zuen zazpi hilabetean.

Ordurako, haren anaia bat, Alejandro Retolaza, alde egina zen herritik, faxisten beldur. Matxinatuen aurrera egitea eragozteko, edo zailtzeko behinik behin, Ormaiztegin trenbide-zubia eraitsi zuen Alejandrok, beste zortzi lagunekin batera, eta hori izan zuen alde egiteko arrazoia. Bizkaia aldera alde egina zen Alejandro, Jose Mariano anaiak tropa frankistek hil zituzten hainbat lagunen berri izan zuenean. Aiastian izan zuen horren berri, frankistek hango bordan jarria zuten koartelean sortutako argindar-arazoak konpontzen ari zela. Halaxe, lanak amaitutakoan joan zen Urkaregiko gainerantz, hildako haietako bat anaia izan zezakeelakoan. Hiru mutil gazte ikusi zituen hilotz, bi haitz handiren ondoan. Han ez zegoen bere anaia (Alejandro geroago fusilatu zuten Bilbon, preso hartu ostean) Gazte haiek lurperatzen jardun zen Mariano, beste lagun batzuekin batera.

Inazio seme gazteenak makina bat aldiz entzuna zion aitari kontu hori eta Zirardamendiko deshobiratzeen berri izan zutenean, lekukotza ematea erabaki zuten, Santi anaia zaharragoarekin berba egin ostean. Santi bera jarri zen Elgoibar 1936 taldekoekin harremanetan eta testigantza horrek bide eman zuen hobi komuna lokalizatzeko, hilotzak deshobiratzeko eta hildako gazte haiek gaur merezi duten lekuan ehorzteko.

Lotura duten albisteak: