Elgoibarko Udaleko osoko bilkurak aho batez onartu zuen zabor bilketa eta ezabaketa arautuko duen udal ordenantzaren aldaketa. Hala, urteko, etxebizitza guztientzat tasa bakar bat egongo da, 193,87 euroko tarifa ordaindu beharko da.
• Hobari eta zigorretan oinarritutako sistemaren amaiera
Era honetan, amaitu da orain arte martxan egon den hobari eta zigorretan oinarritutako sistema. Edukiontzi marroia erabiltzen zutenek 183,88 euroko tasa ordaintzen zuten bitartean, sistematik kanpo zeuden herritarrek 220,66 euro ordaintzen zuten.
Sistema berriarekin derrigorrezkoa izango da edukiontzi marroiak zein grisak erabiltzea eta etxebizitza guztientzat tasa bakarra izango da. Elgoibarren zaborraren tasa urtean bi ordainagiritan ordaintzen da, seihilero. Aurten salbuespena egingo da lehenengo seihilekoan, bi hiruhileko ordainagiria jasoko dutelako herritarrek: lehenengoa ordenantza zaharraren araberakoa, eta bigarren hiruhilekoa ordenantza berriaren araberakoa.
• Agur edukiontzi berdeei
Edukiontzi berde guztiak kenduko dituzte otsailaren 2tik aurrera. Edukiontzi grisen funtzionamendua organikoaren (marroia) berdina izango da, erabiltzailea identifikatuko duen txipdun txartel bidez irekiko dira. Txartelak debalde eskuratu ahal izango dira Kultur Etxean. Edukiontzi marroiarentzako txartela dutenek txartel horrekin ireki ahal izango dituzte errefusaren edukiontziak.
• Inplikazio eta sentsibilizazio kanpaina
Debabarrenako Mankomunitateak hilero ematen ditu birziklapen tasak. Azkena 2017ko azarokoa da. Elgoibarren, kontzeptu edo zabor bilketa mota guztiak kontuan hartuz, %49,61 birziklatu da. Portzentaia hori puntu bat altuagoa da Debabarrena osatzen duten beste zortzi herrien batez bestekoa baino. 2016an %44 eta 2015ean %43koa izan zan.
Etorkizunera begira, bai estatu mailan zein europa mailan ezarritako birziklapen tasetara heltzeko, Elgoibarko Udalak ezinbestekotzat jotzen du gizartearen sentsibilizazioa eta inplikazioa. Ondorioz, sistema aldaketa datorrela-eta, Udalak kontzientziazio eta informazio kanpaina jarriko du abian.
∞ Lotura duten albisteak:
- Hondakinen bilketa sistema berriari buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte Mendaron eta Elgoibarren (2018-01-22)
-
Errefusarentzako edukiontzi berriei buruzko informazio puntua hilaren 18ra arte egongo da Sotoan (2018-01-09)
- Errefusa biltzeko edukiontzi grisak jarriko dituzte urtarrilean Elgoibarren eta Mendaron (2017-11-26)