Tertulia Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da otsailaren 1ean, 18:00etan, eta Mikel Etxaniz Etxeberriak, Elgoibarko Udaleko Gazteria teknikariak, zuzenduko du. Solasaldiaren helburua, gerturatzen diren gurasoekin, gazte lokaletan gauzatzen den parte-hartzearen inguruan hausnartzea dela jakinarazi dute antolatzaileek.
"Gure gizartean espazio hori gazteentzat gune garrantzitsu bihurtzen ari da, haien berdinekoekin modu intimoago batean elkartzeko leku bilakatu baita. Komunitateak espazio horren inguruan begirada negatiboa izateko joera dauka, gazteak lokaletan egiten dituzten ekintzen inguruan mesfidantza eta ardura erakutsiz. Fenomeno horren inguruan ikerketa gutxi egin dira eta, hori dela eta, sozializazio espazio horren inguruko informazio askorik ez dago; horien errealitatea zein den ezagutzeko aukera gutxi egonez", azaldu dute. Testuinguru horren aurrean, errealitatea nolakoa den aztertzea beharrezkoa dela uste dute. Horretarako, baina, "ezinbestekoa" da espazio horiek nolakoak diren jakitea, gazteak egiten dituzten jarduerak ezagutzea, ekintza sozio-hezitzaile gisa espazio horiek ematen dituzten aukeren berri izatea, e.a. "Beti ere, egon daitezkeen ikuspegi guztien ahotsak jasoz", zehaztu dute.
• Ordenantza
Elgoibarko Udalak ordenantza baten beharra ikusi zuen, gazteek lokalak erabiltzeko aukera izan dezaten eta bizilagunekin eta orokorrean herritar guztiekin elkarbizitza egokia bermatzeko. Ordenantzaren helburua bikoitza dela adierazi dute: alde batetik, lokalek beharrezkoak diren gutxieneko segurtasun eta garbitasun baldintzak bete ditzatela bermatzeko; eta bestetik, lokalek duten jardunaren bilakaera eta bizilagunek jarduera horren ondorioz, eragozpenik ez izateko duten eskubidea uztartzeko. Ordenantzak bizikidetza protokolo bat ezartzen du, erabiltzaileek arau-hauste gisa jasota dauden jarduerak egiten dituztenean martxan jarriko dena.
•“Guraso formakuntza 2018” ekimenaren hitzorduak
Gazte lokalen inguruko tertulia Elgoibarko gurasoei zuzendutako “Guraso formakuntza 2018” proiektuaren barruan antolatu dute, Elgoibarko Udaleko Ongizate Sailak, Herri Eskolako Kalamua Guraso Elkartearekin, Ikastolako Guraso Kontseiluarekin, Haurreskolako gurasoekin eta Institutoko “Arreiturrekoak” Guraso Elkartearekin lankidetzan. Elgoibarko gurasoentzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak lantzea eta kezkak, buruhausteak eta zalantzak partekatzea helburu duen “Guraso formakuntza” programa horren barruan, beste bost ekintza antolatu dituzte:
- Otsailak 27. Tertulia “Familia eredu berriak” 18:00. Hitzaldi Gela (elebidun) Agipase Elkartea
- Apirilak 17 eta 24. Ikastaroa “Sexu aniztasuna eta genero identitatea” 15:30 erdaraz / 18:00 euskaraz. Hitzaldi Gela Desirak SL
- Maiatzak 9. Tailerra. “Bihotz-biriketako bizkortzea (BBB)” 18:00. Hitzaldi Gela (elebidun) Pediatria Zerbitzua
- Urriak 19. Ikastaroa. “Nola ikasi ikasten?” 18:00. Hitzaldi Gela (elebidun) Idoia Apaolaza
- Azaroak 11. Ikastaroa. “Atxikimendua” 18:00. Hitzaldi Gela (elebidun) Idoia Apaolaza