Elgoibarrek bi kilometro osatu beharko ditu Euskal Herrian inoiz egin den giza kate handienean

Barren.eus 2018ko urt. 29a, 19:10

Gure Esku Dago plataformak giza kate erraldoia iragarri du ekainaren 10erako, Euskal Herrian inoiz egin den handiena. Donostia, Bilbo eta Gasteiz elkartuko ditu 201,9 kilometro osatuta. Horietako bi osatzea egokitu zaio Elgoibarri eta 1.000 herritar inguru beharko dituztela aurreikusten dute Elgoibarko Gure Esku Dago taldekoek.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduko arduradunek ekainaren 10erako antolatu duen giza katearen berri eman dute, “Euskal Herrian inoiz egin den mobilizaziorik handiena” izango dela iragarriz. Donostia, Bilbo eta Gasteiz elkartuko dituen giza katea izango da, 201,9 kilometroko sarea osatuko duena. 2014an Durango eta Iruñea lotuz egin zen giza katea baino luzeagoa izango da, 75 kilometro gehiagokoa, eta orduan ez bezala, oraingoan hiriburuak zeharkatuko ditu, jende gehien bizi diren eremuak alegia. Hori dela eta, herri askotako jendea mugitu egin beharko dira. Herri bakoitzak izango du bere eremua giza katearen ibilbidean. Elgoibarrek bi kilometro izango ditu, eta tarte hori osatzeko 1.000 herritar inguru beharko direla aurreikusten dute Elgoibarko Gure Esku Dago taldeko kideek. "Erronka polita dugu aurretik, eta pentsatzen dugu oraingoan ere herritarrek hartuko dutela parte", azaldu dute. Donostiatik abiatu eta Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren atarian, amaituko den giza katerako 100.000 lagun bneharko dituztela aurreikusten dute antolatzaileek. "Bost urtean egin, ikasi eta lortu dugun guztiaren emaitza izango da ekainaren 10a, eta herritarron erabakitzeko arrazoiak erakundeetara bideratuko ditugu", azaldu du Anjel Oiarbide GEDren bozeramaileak. 

Elgoibarko Gure Esku Dagok jakitera eman duenez, datozen hilabeteetan emango dituzte xehetasun gehiago ekainaren 10eko giza-kateaz, eta aurkezpen ekitaldia egiteko asmoa ere badute.
•Erabakitzeko eskubidearen aldeko arrazoiak
Giza kateaz gainera, aurtengo plangintzaren ildo nagusiak hezurmamitu ditu Gure Esku Dagok. Lehenik eta behin, datozen bost hilabeteetan erabakitzeko eskubidearen aldeko 2019 arrazoi bilduko dituzte herriz herri; datorren astetik aurrera hiriburuetan antolatutako mahai-inguruetan, Herritarren Itunaren oinarriak ezartzeko asmoz. Horri buruzko informazio gehiago Gure Esku Dagoren webgunean aurki daiteke: www.gureeskudago.eus

giza katea mapa

gizakatea 2014 elgoibar mendaro 3