Herritarrez osaturiko mosaikoa minbiziaren aurkako egunaren harira

Barren.eus 2018ko urt. 24a, 14:32

Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da otsailaren 4a. Elgoibarren biharamunean, otsailaren 5ean, elkarretaratzea eta pertsonez osatutako mosaiko bat egingo dituzte Kalegoen plazan. Batean zein bestean parte hartzera eta izena ematera deitu dituzte herritarak.

Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC) eta Elgoibarko Udalak antolatu dituzte Minbiziaren Aurkako Egunaren biharamunerako ekintzak. Otsailaren 5ean, astelehena, izango dira Kalegoen plazan. Batetik, elkarretaratzea egingo dute, 18:30ean hasita. Bestetik, herritarrez osatutako mosaikoa egin nahi dute. Horregatik, bai elkarteak eta bai udalak, ospakizun horretan parte hartzera animatu dituzte elgoibartarrak. Kolore berdez jantzita joatea gomendagarria dela azaldu dute, eta baita aldez aurretik izena ematea ere. Urtarrilaren 28tik otsailaren 2ra bitartean eman daiteke izena giza mosaikorako, honako telefono zenbakira deituta: 943 202 494 edo bajodeba@aecc.es e-postara idatzita. 

• Agerian ez dauden beharrak azaleratu

Minbiziaren Aurkako Elkarteak gaixotasun honen ondorioz agerian ez dauden "beharrak" azaleratu nahi ditu aurtengo sentsibilizazio kanpainan. Besteak beste, minbiziak duen eragin ekonomikoa, gaixoaren zaintzan eta lanean eragin ditzakeen aldaketak, e.a.. Hori dela eta, pertsonengan eta gizartean kontzientzia sustatzea garrantzitsua dela nabarmendu dute. Halaber gogorarazi nahi dute arreta hori Eibarren eskaintzen dutela, Ardantza kaleko 11 zenbakian, edo 943 20 24 telefono zenbakian. 

Minbiziaren Aurkako Elkartea 1953.urtean sortu zen. Elkarte honen helburu nagusiak, gaixo onkologiko eta senideen bizi kalitatea hobetzea, prebentzioen arloan lan egitea, eta ikerketa sustatzea dira. Eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak doakoak dira.