Gazte Asanbladakoek asteon eman diote amaiera jostailuen bilketa kanpainari. Jostailuak batzea izan zen lehen lana. Gazte Asanbladatik jakiranazi dutenez, eskolarako material asko jaso zuten, eskulan eta bestelakoak egiteko egokia. Batutakoa sailkatu eta lau kaxa handi osatu zituzten (argazkian): Umeentzako jostailu eta panpinak, eskola materiala, puzzleak eta mahai jolasak.
Bildutakoa Greziaraino ailegatu zedin, bidalketa gastuei aurre egiteko itxulapikoak jarri zituzten herriko zenbait tabernatan eta dendetan; eta, Gabon Zahar Feria egunean antolatu zuten erromerian batutakoa ere baliatu dute gastu horiek ordaindu ahal izateko. "Mila esker ekimenean parte hartu duzuen guztioi: jostailuak ekarri dituzuenoi, diruarekin lagundu edo joan den urtarrilaren 11n eskaini genuen hitzaldira hurbildu zineten guztioi, Grezian gertatzen ari denaz jakinminez", azaldu dute. "LM Village errefuxiatu-esparruan laster sumatuko dute laguntza hori guztia", gaineratu dute. Gabonetan jaso zuten materiala prestatu eta bidaltzea "lan polita" izan dela diote, LMVillage errefuxiatu esparruan izango duen "inpaktu positiboa" euren azalean sentitu eta bizitzeko aukera eskaini dielako, nolabait. "Ilusio handia sortuko duten jostailuak eta jolasak dira".
•Behin-behineko eskolarako laguntza
The Schoolbox Project erakundeak LM Village errefuxiatu-esparruan prestatu duen behin-behineko eskolara bidali dute Elgoibarren jasotako materiala. Lekua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen Iñaki Larrañaga elgoibartarrak.
Udako opor zentro edo resort bat itxi zuten duela sei urte Grezian, LM Village izenekoa, krisi ekonomikoaren ondorioz, eta harrezkero hutsik zegoen. Siriar jatorriko mediku bat, Nabil-Iosif Morad, aukeratu zuten herriko alkate eta gunea Siriako errefuxiatuak hartzeko erabiltzea erabaki zuen. Hala, 2016ko martxotik 300 errefuxiatu baino gehiago bizi dira bertan, jatorrian turistentzako ziren 38 etxebizitzetan. Errefuxiatuek eurek atondu eta txukundu dituzte bizitokiak eta inguruak.
∞Lotura duten albisteak: