Pentsioen 0,25 igoeraren harira protesta egin dute dozenaka elgoibartarrek plazan

Barren.eus 2018ko urt. 15a, 13:22

Washapp bidez zabaldutako deialdiari erantzunez, aurtengo pentsioen 0,25 igoeraren harira protesta egiteko batu dira Kalegoen plazan dozenaka lagun. Igoera hori “faltsua” dela salatu dute eta pentsio duinak eskatu.

Pentsioak batez beste 0,25 igota, hileko 2,3 euro gehiago jasoko dituzte pentsiodunek -32,2 euro gehiago urtean-. Duintasuna Gipuzkoako pentsiodunen elkarteak salatu duenez, igoera horrek ez du eragin zuzenik pentsiodunengan, egunero kontsumitzen diren oinarrizko produktuak gehiago igo direlako. Ondorioz, 0,25 hori euro batean bihurtzen da gehienentzat. Espainiako Gobernuak bosgarren urtez jarraian igo ditu pentsioak 0,25ean, eta hala, soldatak “izoztuta” izan dituztela salatzen du Duintasunak. "Geroz eta gehiago dira pobrezian bizi diren erretiratuak. Gaur egun oso gutxi dira 1.000 eurotik gora jasotzen dutenak, eta elkartetik gutxienez 1.000 euroko pentsioak eskatzen ditugu, hori baita familia batek bizitzeko behar duena”, adierazi dute Duintasunakoek igoera honen harira

Gaur Kalegoen plazan bildutako lagunen artean haserrea nabari zen. "Aurpegira barre egitea da 0,25eko igoera hori", zihoen emakume batek. "Horrenbeste korrupzio kasu dauden herrialde batean (Espainia) pentsioetara eta osasunera horren diru gutxi bideratzea lotsagarria da", gaineratu du beste batek.

Jubilatu eta pentsiodunen hainbat elkartek elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak herrietako udaletxe aurrean. Washap bidez jaso dutela elkarretaratzeko deia azaldu dute Elgoibarkoan parte hartu duten zenbait lagunek, alabaina, pena zuten lagun gehiago ez batu izanaz, "guztioi, zahar eta gazte" eragiten digun gaia dela-eta.

pentsiodunak elkarretaratzea elgoibar 025 igoera

pentsiodunak elkarretaratzea elgoibar 025 igoera 1

pentsiodunak elkarretaratzea elgoibar 025 igoera wasap