Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak jakinarazi duenez, Maltzagan, AP-1 eta AP-8ko lotunearen birmoldaketa lanen barruan gaurko iragarrita zegoen AP-8 autobidearen itxiera bertan behera gelditu da; eta, eguaztenera, abenduaren 20ra, atzeratu dute. Hala, AP 8a hiru orduz (1:00etatik 04:00etara) itxita egongo da Bilbo noranzkoan. Mozketa Elgoibar eta Eibar artean egingo da 64,5 kilometro puntutik 71. kilometro puntura. Mozketa honek zuzen zuzenean eragingo dio Maltzagako AP-1eko lotuneari, Gasteiz noranzkoan (69,300 kp) eta halaber itxita egongo da.
Bitarte horretan Donostiatik Bilbora edo Gasteizera joan nahi duenak 64. irteeran (Elgoibarren) atera beharko da eta 634 errepidetik Eibarrera jarraitu berriro autobidean sartu eta Bilbo edo Gasteiz alderako noranzkoa hartzeko.
• AP-1 eta AP-8ko lotunearen birmoldaketa Maltzagan
Maltzagako obrak galtzadak bi erreietara zabaltzea jasotzen du, bai Gasteiz noranzkoan, AP-8tik AP-1erako sarrerako lotunean, eta bai Behobia noranzkoan, AP- 1etik AP-8rako lotunean, Andikano eta Maltzaga arteko bidegorriaren gainean, hain justu ere. Zati honetatik eta bi noranzkoetan, egunero 34.800 ibilgailu igarotzen dira, ELA sindikatuak zabaldutako datuen arabera. Horietatik 4.600 ibilgailu astunak dira eta 30.200 arinak, 2017ko urtarriletik irailera bitarteko datuen arabera. Uztailean eta abuztuan, irteera eta itzulera operazioen barruan gertatzen diren mugimenduekin, arinen trafikoa asko igotzen da. Horrela, uztailean, ibilgailu arinen eguneko bataz besteko intentsitatea 38.200koa izan zen eta abuztuan 41.300 ibilgailuetara iritsi zen.
• Bidegorria itxita
Berritze lanen ondorioz, Andikano eta Maltzaga arteko bidegorria itxita dago bigarren zentral elektrikotik aurrera (Karakateko tunel gunea). Obrak Eguberritan (abenduaren 22tik urtarrilaren 8ra arte), zein Aste Santuan zehar eten egingo dira, hortaz, egun horietan, bidegorria irekita egongo da.