Nortasun-agiria tramitatzeko bulegoa zabalduko dute Eibarren urtarrilean

Barren.eus 2017ko abe. 18a, 15:55

Luzaroan zain egon eta gero, azkenean baieztatu dute Nortasun Agiri Nazionala eta pasaportea egin eta berritzeko bulegoa zabalduko dutela Eibarren, Espainiako Gobernua eta Eibarko Udala akordio batera ailegatu eta gero. Urtarrilaren 11n zabalduko ditu ateak zerbitzuak, Eibarko udaletxe barruan zerbitzu hori emateko egokituko duten bulegoan. Bulego hori Eibarren zabaltzeak abantaila ugari ekarriko dizkie elgoibartgarrei eta mendaroarrei. Aurrerantzean agiriak egin edo berritzeko aukera gertuago izateaz gainera, aurretiko hitzordua eskatzerako orduan itxaron-aldia nabarmen laburtuko da, besteak beste.

Bulegoa zabaldu aurretik, urtarrilaren 8tik aurrera izango da aldez aurreko hitzordua eskatzeko aukera, 060 telefono zenbakira deituta edo internet bidez, www.citapreviadnie.es helbidean. Agiri bien inguruko informazio guztia, bestalde, www.interior.gob.es/web/servicios-al-ciudadano/dni helbidean eskuratu daiteke. Bulegoan jendeari harrera egiteko ordutegia astelehenetik barixakura bitartean, 8:00etatik 14:00etara izango da.
Guztira, bederatzi bulego daude EAEn agiria edo pasaportea egin edo berritzeko. Gehienak, bost, Bizkaian daude (Bilbo, Basauri, Barakaldo, Getxo eta Portugalete); hiru, Gipuzkoan (Donostia, Irun eta Eibar) eta bakarra Araban (Gasteiz).

*Iturria: etakitto.eus