Bi urte eta erdiko kartzela zigorra jarri diote gizonezko bati gerrikoarekin beste gizonezko bati eraso egiteagatik

Barren.eus 2017ko abe. 12a, 12:50

2013ko otsailaren 10ean Elgoibarko Kalegoen Plazan eginiko eraso bategatik bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote gizonezko bati. Gerrikoarekin jo zuen beste gizon bat aurpegian eta eskuin begiko ikusmena galdu zuen hark.

Gipuzkoako Fiskaltzak bederatzi urteko espetxe zigorra eskatzen zuen erasotzaileentzat, larriagotu egin ziren lesioak leporatuta. Gipuzkoako Epaitegiko 1. sekzioan atzo egin zuten bistan, baina, fiskaltzak eta defentsak akordioa lortu zuten eta bi urte eta erdiko espetxe zigorrera murriztu zuten akusatuarentzako zigor eskaera. Akusatuak gertakariak onartu eta zigorrarekin ados zegoela adierazi zuen. Bi urte eta erdiko kartzela zigorraz gainera, 29.371 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio biktimari, eta lau urtean ezingo du erasotuarengana ez hurbildu ez berarekin harremanetan jarri.

Akusazioaren idatziak jasotzen duenez, 2013ko otsailaren 10ean izan zen erasoa, goizaldeko 2:30ean, Kalegoen Plazan. Bere lagunen eta beste lagun talde baten arteko liskar baten lekukoa izan zen biktima. Bi gizon taldeen arteko borroka amaitzeko ahalegina egin zuen arren, "ahalegina antzua izan zela ikusita, buelta eman eta bere horretan laga zituen". Une horretan, "argi ez dauden arrazoiegatik"-idatziak zehazten duenez-, beste gizon taldean zegoen inputatuak "berbarik esan gabe" soinean zuen gerrikoa kendu eta aurpegian jo zuen biktima. Gerrikoaren belarriak eskuineko begian jo zuen eta kolpearen indarrak lurrera bota zuen. Mendaroko Ospitalera eraman zuten lehenik eta Donostiako Unibertsitate Ospitalera gero. Bost egunez egon zen ospitaleratua.
Kolpearen ondorioz eskuin begiko ikusmena galdu zuen biktimak, begi horretatik ia itsu geratzeraino. (*iturria: EFE berri agentzia)