'Volar' dokumentalaren emanaldia eta protagonistekin solasaldia Mendaron

Barren.eus 2017ko abe. 12a, 17:31

Emakundek ekoiztutako Volar dokumentala izango da ikusgai barixaku honetan, abenduaren 15ean, Mendaroko San Agustin kulturgunean. 19:00etan hasiko da emanaldia. Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak antolatu du ekimena, Mendaroko Udalaren laguntzaz, azaroaren 25eko egunaren harira. Emanaldiaren osterako, dokumentaleko bi protagonistek parte hartuko duten solasaldia prestatu dute.

Bertha Gaztelumendi zinemagileak egindako Volar dokumentalaren sinopsia honakoa da: iraganean genero-indarkeria bizi izan duten bederatzi emakumek asteburu bat elkarrekin emango dute landa-eremuan, eguneroko bizitzatik urrun. Askotariko adinak eta lanbideak dituzten emakumeak badira ere, gai dira hitzen beharrik gabe elkar ulertzeko. Indarkeria horren infernuari aurre egiteko izan duten adoreak elkartzen ditu, baita hortik bizirik irten izanak eta pairatutako sufrimenduari zentzua eman nahiak ere. Gainera, beste emakume batzuen eta gizartearen esku jartzen dute beren bizitzako ibilbidea, biktimismorik gabe.

Bertha Gaztelumendi, kazetaria eta Bake eta Gatazken Konponbide Ikasketetako Masterra Bradfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Gaur egun, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako ikerlari kontratatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Dokumental hauek idatzi eta zuzendu ditu: Mariposas en el hierro (Tximeletak burdinean, 2012), askotariko indarkerien biktima izandako emakumeen inguruan; Nigar franko egingo zuen aitak (2014), gerraosteko Amasa-Villabonako testigantzak jasotzen dituena; eta Las buenas compañías(2015), Nuria Casalekin batera zuzendutako film laburra.

Volar Donostiako 65. Zinemaldian estreinatu zuten joan den irailean.