Boluntarioak behar dira ostiraleko bi txandatan janari bilketan aritzeko

Barren.eus 2017ko aza. 29a, 12:19

Abenduaren 1ean eta 2an, barixakuan eta zapatuan, egongo dira boluntarioak janaria batzen Elgoibarren, BM supermerkatuan eta Eroski supermerkatuetan (Santa Ana kalean eta Bernardo Ezenarron). Udaletik jakinarazi dute txanda gehienak lotuta dituztela dagoeneko, baina ostiraleko bi txandatarako jendea falta dutela.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak egingo duen Elikagai Bilketa Erraldoiarekin bat egin dute Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak eta Udalak aurten ere. Udaletik jakinarazi dute txanda gehienak lotuta dituztela dagoeneko, baina ostiraleko bi txandatarako jendea falta dutela. Txandak hauek dira zehazki: 11:00etatik 13:00ak artekoa, eta 13:00etatik 15:00ak artekoa. Udalak jakinarazi du "oso pozik" daudela herritarrek deialdi honi eman dioten erantzunarekin. Boluntario ugarik eman dute izena eta beste urteetan baino azkarrago lotu ahal izan dituzte txandak. Ostiraleko bi txandatarako, baina, boluntarioak falta dituzte, esan bezala, eta ordutegi horretan janariak biltzen egoteko prest daudenei dei egin diete lehenbailehen Ongizate Sailekoekin harremanetan jartzeko. Horretarako hiru aukera daude: Ongizate Sailera gerturatu,  943 741008 telefono zenbakira deitu edo ongizatea@elgoibar.eus posta elektronikora idaztea.

Txaleko bereizgarriak jantzita, merkataritza-gunean sartzen direnei bonu bat ematea izango da boluntarioen eginbeharra, edo bestela, poltsa bat eskaini eta poltsa janariarekin bueltatzera gonbidatuko dituzte bezeroak. Ondoren, poltsak jaso eta dohaintzan emandakoa propio prestatutako enbalajeetan jarriko dute. Elgoibarren, 2014 urtetik hona, adingabeekin batera parte har daiteke elikagaien bilketan, betiere, pertsona horiek "balioetan hezteko" helburuarekin. Elgoibarren jasotzen diren elikagaiak Gipuzkoako Elikagai Bankuak Bergaran duen egoitzara eramango dira. Bertatik, gure zonaldean behar duten familien artean banatuko da bildutakoa.

∞Lotura duten albisteak: