Elgoibarko etxebizitza hutsen kopurua ezagutzeko azterketa egingo du Udalak

Barren.eus 2017ko aza. 28a, 10:03

Elgoibarren hutsik dauden etxebizitzen gaineko ikerketa bat egiteko 14.900 euroko (BEZa kanpo) partida bat bideratuko du Elgoibarko Udalak. Etxe hutsen ahalik eta argazki zehatzena atera nahi du Udalak, etxebizitza politika zehazteko.

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, Ikertalde Aholkularitza Taldeak egingo du Elgoibarko etxebizitza hutsen gaineko ikerketa. Ikerketa lan honek bi helburu dituela zehaztu dute. Batetik, herrian dauden etxebizitza hutsen kopurua kuantifikatzea; eta, bestetik, etxebizitza huts horien jabeekin, gaur egun udalerrian dauden etxebizitza beharrei erantzuna emateko laguntzen duten ekimen desberdinen abiaraztea baloratzea. Horretarako, Ikertaldeko beharginek etxe jabeentzako galdetegi bat prestatu dute.
Ane Beitia Elgoibarko alkatearen esanetan, ekimen honen bitartez Elgoibarko etxebizitza parkearen erabileraren inguruko estatistika eta datu eguneratuak izango dituzte, "argazki edota diagnosi zehatz bat egingo dugu". Hala, ikerketa honen bitartez, "potentzialki hutsik" dauden etxebizitzak identifikatu eta kuantifikatu ahal izango dituzte.
Era berean, Hirigintza zinegotzi Iosu Arraizen arabera, analisia egiteko erabiliko diren inkestei esker, etxebizitzen karakterizazioa, egoera eta hurrengo urteetan alokairu zein salmenta merkatuan jartzeko beharrak definituko dira. Laburbilduz, ikerketak instituzio desberdinekin koordinazioan hartu beharko diren erabakietarako oinarri edo herraminta gisa erabiltzeko balio izango du.

• Gutuna eta telefono zenbakia
Inkestatzaileek ikerketa egiazkoa dela frogatzen duen gutun bat eramango dute, eta etxebizitzatan utzi ahalko dute edota bestela, azalpen bat eskainiko dute auzotarrek hala eskatzen baldin badute. Gutun honetan, doako telefono zenbaki bat egongo da (900 101 124), non Ikertalde enpresako aholkulari batek auzotarrek izan ditzaketen zalantzak argitu eta ikerketaren inguruko beharrezko informazioa eskainiko den. Era berean, aholkulari honek, gerta litezkeen gorabehera edota bestelako oharren inguruko informazioa helaraziko die udal arduradunei.