Autoei lagatzen zaien gune publikoaz gogoeta egiteko gunea sortu dute Kalebarren plazan

Barren.eus 2017ko aza. 20a, 18:41

Belar artifizialeko gune bat, eserlekuak eta kolore desberdinetako lorontzi erraldoiak. Itxura berri horrekin topatu dute herritarrek Kalebarren plaza. Ikusmina eta zeresana sortu dute eta zertarako edo zergatik jarri dituzten galdetzen zuten hainbatek harridura aurpegiz.

Mugikortasun Iraunkorraren Astea dela-eta sortu du Elgoibarko Udalak aldi baterako gunea hau. Normalean autoei lagatzen zaien lekua berreskuratu nahi dute ekimen honen bidez. "Helburua da ibilgailuei zer gune lagatzen diegun konturatzea", dio gunean bertan irakur daitekeen idatziak. Era berean, herritar guztientzako jarritako altzariak eta gainerako gauzak errespetatzeko eskatzen die herritarrei idatzi berak.

Era berean, beste hainbat jarduera antolatu dituzte aste horretarako. 60+ taldekoekin hainbat ibilaldi egingo dituzte herrian, eta Oin Alai egitasmokoek egiten duten ibilbidea ere aldatuko dute. Kalebarrenetik San Frantzisko kaletik joan beharrean Pedro Migel Urruzuno kaletik joango dira, auto gidariei kale horretan 20 kilometro orduko abiadan joan behar direla gogorarazteko, eta HH5ek heziketa tailerra ere jasoko dute.

•Bigarren eskuko merkatua
Zapatuan (azaroak 25), berriz, bigarren eskuko merkatua jarriko dute Lekuederren, eta herriko eskola-umeek etxean egoera onean dituzten jostailuak eta abar salduko dituzte. Parrokiako Misio taldeak, bestalde, bidezko merkataritzako produktuak salduko ditu, eta Kalegoen plazan patinetan ibiltzeko ordubeteko bi sario berezi egingo dira: 10:30ean eta 12:15ean. Parte hartzeko gutxienez 5 urte izan beharko dira eta haurra gai izan beharko da inoren laguntzarik gabe patinetan zutik mantentzeko. Interesatuek idatzi ingurumena@elgoibar.eus helbidera.

∞ Lotura duten albisteak:

mugikortasun iraunkorra elgoibar kalebarren lorontziak

mugikortasun iraunkorra elgoibar kalebarren lorontziak 3