Elgoibarren feminismoaren gaia lantzen jarraitzea "ezinbestekoa" dela adierazi dute Narrutsik taldera batu diren lagunek, eta diote horregatik jarri dutela martxan Narrutsik: "Garen moduan, estaldurarik gabe, sendo eta indarrez parekidetasunerantz urratsak ematen jarraitzeko".
Joan den San Bartolome jaietan herritarren artean sumatu zuten harrera ona ikusirik, Elgoibarrek "aldaketarako gosea" duela uste dute. Eta, hala, gose hori ase nahi duten emakume guztiek zabalik dituztela taldeko ateak aditzera eman dute. Facebooken duten orrialdearen bidez edo narrutsikfeministak@gmail.com e-postara idatzita jarri daiteke taldearekin harremanetan. Zehaztu dute konpromiso maila desberdinarekin parte hartu daitekeela taldean, "bakoitzak nahi eta ahal duen neurrian lagunduz".
• Azaroaren 25erako ekintzak
Azaroaren 25: Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira antolatu dituzten ekintzetan parte hartzera ere deitu ditu elgoibartarrak Narrutsik taldeak.
- 12:30ean Kalegoen plazan (autodefentsa tailerraren ostean): “Women in Black”: Emakumeok, beltzez jantzita, indarkeria matxistak eraildako emakumeak gogoratuko dituzte.
- 19:00etan Maalako parkean: Oinetakoak pilatuko dituzte (bakoitzak bere parea), indarkeria jasan duten pertsonak ordezkatzeko eta emakumeen ikur handi bat piztuko dute gertaera hauen aurrean euren indarra erakusteko.
• Inkesta bat
Gainera, egun seinalatu horretan, gure inguruan emakumeek jasaten dituzten eraso sexistak zenbatu eta salatu nahi dituzte. Asmo horretan, inkesta bat prestatu dute, online erantzuteko. Honako loturan bete daiteke inkesta: https://goo.gl/forms/wvFDsUXZKXbmkMrR2