Mausitxak bigarren saria eskuratu du Ordizia Txapeldun gazta lehiaketan

Barren.eus 2017ko urr. 19a, 15:00

 Ordizia Txapeldun gazta lehiaketaren XXX. ekitaldia ospatu zen atzo Ordizian, eta Elgoibarko Mausitxa gaztandegiak bigarren saria eskuratu zuen. Sari nagusia Ipiñaburu gaztandegiko Jon Etxebarriak eta Puy Arrietak jaso zuten, eta Remiro sailkatu zen hirugarren postuan. 

Azken hamar urteetako (2008tik 2017ra) irabazleak lehiatu ziren atzo Ordizia Txapeldun gazta lehiaketan. Aurtengoan hauek izan dira lehiakideak: 2009ko  irabazle Jesus Ansola Juaristi (Mausitxa baserria-Elgoibar); 2010eko irabazle J. Aranburu Elkartea (Idiazabal); 2008, 2011 eta 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Eulate), 2014ko irabazlea Ondarreko Karmele Murua (Segura), 2012 eta 2015ean irabazle izan den Jon Etxebarria (Zeanuri), 2016ko irabazlea izan zen Joseba Insausti (Ordizia) eta aurtengo irabazlea, Jose Luis Odriozola (Aia).

Irabazleek ondorengo diru-saria jaso zuten: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Horrez gain, hamarretik zazpiko puntuazioa gainditu zutenez, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu dituzte lehen hiru sailkatuek. 

Epaimahaia honakoek osatu zuten: Jose Juan Castillo (Lehendakaria) Ramon Roteta (Euskal Sukaldaritza Berriaren sustatzailea) eta Roberto Ruiz (Fronton Jatetxea, Tolosa) sukaldariak, Marisol Vicente eta Alfredo Fernandez (Idiazabal Jatorri Izendapena), Felix Ibargutxi (Kazetaria) , eta Rosa Rojo, Urrup Antzerki taldeko zuzendaria bere XXV. Urteurrenean.