Munduko hamalau herrialdetako arroz errezeta dastatzeko aukera izango da Munduko Arrozak topaketan: Errumania, Bolivia, Txina, Kongo, Ekuador, Maroko, Argentina, Nigeria, Portugal, Dominikar Errepublika, Senegal, Ukrania, Venezuela eta Euskal Herria.
10:00etan hasiko dira arrozak prestatzen eta 12:00ak inguruan hasiko da arrozen dastaketa. Ez da lehiaketa gastronomiko bat izango, elgoibartarren artean kulturen arteko elkarbizitza, topaketa eta ezagutza erraztea sustatu nahi duen ekintza baizik.
• Ikastetxeen eta Egur arte tailerraren laguntza
Aurten estreinakoz, herriko hiru ikastetxek (Herri Eskolak, Ikastolak eta Institutuak) eta Egur arte tailerrak, ekimenean ordezkatuta egongo diren herrialdeen inguruko informazioa eskainiko dute ikastetxeetan egin dituzten panelen bidez. "Egur eskolako ikasle-irakasleek herrialde desberdinak kokatuko dizkigute panel handi batean eta ikastetxeetako ume eta gazteek egindako panelek herri bakoitzaren inguruko informazioa emango digute, hala nola: hiriburua, biztanle kopurua, hizkuntzei buruzko xehetasunak, kirolik ohikoenak, gastronomia, darabilten dirua… eta nola ez, migrazioren inguruko hainbat datu, hala nola migratzeko arrazoi nagusiak eta lurralde horietatik Elgoibarrera etorritako lagun kopurua Elgoibarren bizi diren pertsonak", azaldu dute antolatzaileek.
• Gizarte bazterketari buruzko diagnosia
Elgoibarko Gizarteatzearen Aldeko Mahaia osatzen duten erakundeek gizarte bazterketari buruzko diagnosia egin zuten 2015. urtean, "Elgoibarren ELKAR(-)BIZI!” lelopean. Diagnosi horretan oinarrituta, lanerako plana prestatu zuten eta hainbat lehentasun identifikatu zituzten. Batetik, Elgoibarren dugun kultur aniztasuna ezagutarazteko lan egiteko premia; eta, bestetik, bertako jendeak eta munduko beste leku batzuetatik datozenak harremanetan jartzeko eta elkar ezagutzeko ekimenak abian jartzeko beharra. "Urriaren 21ean egingo dugun ospakizun honekin kulturen arteko harremana bultzatu nahi dugu; pertsonen eta giza erakundeen artekoa. Jatorri ezberdineko pertsonen arteko harremana eta bizikidetza defendatu eta bultzatu", azaldu dute.
• Gizarteratze mahaia
Gizarteratze Mahaia gaur egun honako hauek osatzen dute: Zabaltzen-SARTU elkartea, Kalamua Guraso Elkartea, Elgoibar Ikastolako Guraso Kontseilua, Institutuko guraso elkartea, Elgoibarko Gurutze Gorria, Caritas, Prekaritataren aurkako taldea, Stop desahucios, Nagusilan eta Elgoibarko Udala.
∞ Lotura duten albisteak:
- Migratzaileen inguruko uste okerrak isildu eta gogoeta sustatu nahi du ‘Elgoibarren Elkar-Bizi’ egitasmoak (2016-10-11)
- Elgoibarko gizarteratze mahaia aurkeztu dute (2014-06-19)