Elgoibarren amaitu da Pausokaren aldeko Gipuzkoako itzuliko laugarren etapa

Barren.eus 2017ko urr. 10a, 13:53

Behar bereziak dituzten umeen gurasoek sortutako Pausoka elkarteak Pausoka Eguna ospatuko du urriaren 14an, Urnietan. Jaiaren eta diru etekinik gabeko elkartearen berri emateko, korrikalari talde batek Gipuzkoa zeharkatuko du antxintxika aste batean. Laugarren etapa Elgoibarren amaitu dute gaur, eta bosgarrena Elgoibartik abiatuko da bihar.

Pausokaren aldeko Gipuzkoako itzuliak zortzi etapa ditu. Itzulia Hernanin hasi zen zapatuan, urriaren 7an, eta Hondarribian amaitu zen 33 kilometroko estreinako etapa.
Gaur, laugarren etapa korritu dute antxintxikariek. Zumaian hasi dira saltaka, eta Deba eta Mendarotik pasatu ostean, Elgoibarko Kalegoen plazan amaitu dute 32 kilometroko ibilbidea, 12:30ak inguruan.
Bihar, bosgarren etapan, Elgoibartik irten eta Antzuolaraino joango dira, bidean Eibar eta Bergara pasa ostean. Lasterketa Urnietan amaituko da urriaren 14an; Pausoka Egunaren 3. edizioan. Bertan egun osoko festa ospatuko da. (Itzuliari buruzko informazio osoa pausokaelkartea.org)

Itzulian parte hartzen ari diren korrikalarien artean honako hauek daude: Vicente Carmona, Iñaki Baños, Kepa Gordo, Eva Esnaola, Idoia Esnaola eta Hoki Gerrero.
Pausoka elkartekoek umeekin lan egiten diharduten beste elkarte batzuen lana azaleratu eta ezagutzera eman nahi du, eta asmo horretan, Juneren Hegoak, Sanfilipo, Dravet eta Kemen elkarteetako kideek itzuliko zati batzuetan parte hartuko dute.

Pausokako bazkide egiteko edo dohaintza bat egiteko infornazioa pausokaelkartea.org web orrian)
Pausoka Egunaren aurkezpen-ekitaldiko bideoa (aiurri.eus):

pausoka gipuzkoa itzulia kartela pausoka eguna kartela