Memoria historikoaren aldeko Elgoibar1936 taldeak eta Taupada antzerki taldeak Frankismoaren biktimak oroitzeko hilabetea egin dute iraila Elgoibarren, eta hari horri tiraka, eta ‘Ama, nora goaz’ dokumentalak egindako memoria ariketa baliatuta, faxisten jazarpen makinak gogorren jo zuen talde batengan jarri dugu begia: 1937an frankistek euren herrietatik kanporatu zituzten emakume eta haurrengan. Datu zehatza lortzea zaila bada ere, uste da 90 bat izan zirela Elgoibarren eta Mendaron kanporatutakoak.
Elgoibarren, 50 lagun kanporatu zituzten gutxienez. Mendaron, berriz, 29 lagun izan ziren herritik bota zituztenak, BARRENek jakin ahal izan duenez. Karmele Gabilondo, Libe Iriondo, Sabin Argarate, Antonio Irigoien, Jesus Rementeria eta Miguel Iriondo dira ume zirela kanporatu zituztenetako batzuk. Horietako batzuen testigantzak jaso ditugu goiko bideoan.
- Erreportaje osoa: Zigor bikoitza, BARREN aldizkarian (1046. zenb. 2017-09-08 -PDF-)