Elgoibarko Udaleko Ongizate Sailak larrialdi-egoera kritikoan dauden pertsonak edota familiak aldi baterako hartzeko ostatua eskainiko du larrialdiko etxebizitzan. Udalak jakinarazi duenez, etxebizitza horren funtzionamendua arautuko duen ordenantza eta udal araudi guztien elaborazioak, aurreko kontsulta publiko bat izango du, herritarrak informatu, aldaketak proposatu edota araudi berri horien inguruan eztabaidatu dezaten. Kontsulta honen bidez, Udalak arauak egiteko prozeduraren baitan, herritarren partaidetza "hobetu" nahi du, izan ere, martxan jarriko den arauak eragin zuzena izango du herritarrengan eta erakunde nahiz elkarte esanguratsuenengan; eta, horregatik, Udalak hauen iritzia jaso nahi du.
Elgoibarko alkate Ane Beitiak honakoa adierazi du kontsultaren inguruan: “kontsulta honi eta etorkizunean martxan jarriko ditugunei esker, Udala aurrerapauso garrantzitsuak ari da ematen instituzio ireki, garden eta parte hartzaile batean bihurtzeko, eta erabaki garrantzitsuenak herritarrekin modu kolektibo eta zuzenean hartu nahi ditugu”.
Aurreko kontsulten emaitzak juridikoki lotesleak izan ez arren, Beitiak nabarmendu du Gobernu Taldeak araudi guztien elaborazio prozesuen emaitzak kontuan hartuko dituela. Horretarako konpromiso eta borondate irmoa dutela adierazi du.
• Partaidetza bideak
Behar bezala identifikatutako herritarrek, erakundeek eta elkarteek, hala nahi izanez gero, uztailaren 29ra arte, iritziak eta iradokizunak aurkeztu ahal izan ditzaten, ondoren zehaztuko den partaidetza bideren bat erabilita:
- Ondoko helbide elektronikora email bat bidaliz: partaidetza@elgoibar.eus
- Arreta Bulegoan kokatuta dagoen Elgoibarko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuz: Santa Ana kalea 2, sarrera Giza Eskubideen parketik.
Kontsultaren tramitea egin ostean, eta aurkeztutako proposamenak aztertu eta Ordenantza onartzeko prozedurari ekin ondoren, Ordenantzaren zirriborroa argitaratuko da dagokion web atarian, eragindako herritarrek, beste behin ere, entzunaldia egiteko aukera izateko; eta hartara, egokitzat jotzen diren ekarpen gehigarri guztiak jasotzeko.