Herriko emakumeen bilkura egingo dute Mendaron, hilaren 21ean

Barren.eus 2017ko uzt. 13a, 21:00

Santana jaien atarian, herriko emakumeen bilkura egingo dute Mendaroko frontoian, hilaren 21ean.

 Eskuzabaltasunez eta borondatez ospakizunak antolatu izan dituzten emakumeen omenez bilduko dira emakumeak Mendaron, erakusteko gaur egungo emakumeek ere badutela jaiak ospatzeko modu propioa; inklusiboa eta elkarlanean oinarritutakoa. Herriko emakume guztiak gonbidatuta daude. Uztailaren 21ean izango da bilkura, 21:00etan. Bakoitzak nahi duena eraman dezake: janaria, edaria, musika, poesia... Elkarrekin gozatzeko gogoa eramatea nahikoa dela aurreratu dute deitzaileek.

Bilkura bera antolatzeko ere deia egin dute astelehenerako, hilaren 17rako. Frontoian bilduko dira, 19:30ean.

Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak hainbat argibide kaleratu zituen iaz santana jaietako egitarauan, eraso sexistarik gabeko jai parekideak izateko helburuarekin. Gainera, jaietan horrelako jarrerarik gertatzen den ikusteko behaketa egin zuten. Informazio osoagoa BARREN 1001. zenbakian –PDF-