Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko doako bisita gidatua egingo dute domekan

Barren.eus 2017ko uzt. 12a, 14:53

Dolmenen Ibilbidearen paisaia eta balio arkeologikoa ezagutzera emateko bisita gidatu berri bat eskainiko dute domeka honetan, uztailaren 16an.

Debegesa garapen agentziak Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalekin elkarlanean –udalerri horien lurretatik igarotzen da Dolmenen Ibilbidea– aurkeztu zuen joan den ekainean doako bisita gidatuen programa. Ibilbidearen balio arkeologikoa eta geologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera ematea, eta bertan dauden trikuharri eta tumuluak balioan jartzea da bisita gidatu hauen helburua.
Domekan izango da hurrengo bisita gidatua, 10:00etan Karakateko aparkalekutik abiatuta. Guztira 9 kilometroko ibilbidea izango da, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino, eta buelta berriz Karakatera. 13:30erako amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek. Euskaraz egingo da bisita.
Dolmenedn Ibilbideak, esan bezala, balio arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.

Harrera "bikaina"

Ibilaldian parte hartuko dutenei gomendatzen zaie arropa erosoa eta mendiko oinetakoak eramatea. Txangoa amaitzean, parte-hartzaileek gazta, ogia eta sagardoa dastatu ahal izango dute. Dagoeneko bi bisita egin dira eta "harrera bikaina" izan dutela nabarmendu dute antolatzaileek, irteera bietan taldeak bete egin baitira (25 pertsona gehienez).

Izen-ematea: 657 79 46 77 telefonora deituz (Naiara) edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz.

• Hurrengo bisita gidatuak

Uztailaren 16ko bisitaz gainera, beste sei egingo dira urrira bitarte: uztailak 30 (gaztelaniaz), abuztuak 6 (euskaraz) eta 20 (ingelesez edo gaztelaniaz), irailak 10 (euskaraz) eta 24 (gaztelaniaz), eta urriak 8 (euskaraz).

 

∞ Lotura duten albisteak: