Palestinarekiko Elkartasun Eguna antolatu du Pablo Garrido elgoibartarrak

Barren.eus 2017ko eka. 16a, 08:19

Palestinarekiko Elkartasun Eguna antolatu du Pablo Garrido elgoibartarrak zapaturako (ekainak 17). Arrazoia zein den ez du garbi, baina Palestinarekiko lotura berezia sentitzen du Garridok, eta okupazioaren inguruan gogoeta egitera eta palestinarrek bizi duten egoera “jasangaitza” salatzera bultzatu nahi ditu elgoibartarrak.

Elgoibarren eta Eibarren batutako ehun kilo arropa eta 30 bat kilo eskola-materialekin Palestinan oinez sartzeko ahalegina egin zuen iaz Pablo Garrido elgoibartarrak, baina Israelgo soldaduek ez zioten laga, eta Jordaniara bueltatu behar izan zuen. Han, errefuxiatuta bizi diren palestinarren kanpamenduak bisitatu zituen, eta bere begiz ikusi zein baldintza “negargarritan” bizi diren. Ez zuen Palestinako lurralde okupatuan sartzerik izan, baina Israelgo Poliziarekin izan zuen hartueman laburra nahikoa izan zitzaion palestinarrek egunero bizi duten “jazarpena, duintasunaren ukapena eta miseria” ikusteko. Eta etsita baino gehiago, indartuta bueltatu zen, Palestinaren alde borrokan jarraitzeko “amorrarazita”.

• Palestinako egoera palestinarren ahotik

Ikusiak ikusita, palestinarren egoera gizarteratzea hartu zuen erronkatzat, eta zapaturako, Elkartasun Eguna antolatu du Elgoibarren. Hainbat lagun izango ditu aldamenean, tartean, Mohammed Ky Abujbara eta Ismail Ibrahim. Palestinarrak dira Abujbara eta Ibrahim, 26 eta 25 urte dituzte hurrenez hurren, eta euren herrialdean bizi duten egoeraren berri emango dute, Maalan. Arabieraz eta ingelesez jardungo dute, baina itzultzailea izango dela aurreratu du Garridok.

 palestinarrak elgoibar
• Palestinarekiko Elkartasun Eguna Elgoibarren, ekainak 17

  • 12:00 Mosaiko solidarioa egingo dute Kalegoen plazan, puxika eta margoekin.
  • 18:30 Hitzaldi-solasaldia Maalan. Ismail Ibrahim, Mohammed Ky Abujbarak eta Mustafa Omarrek Palestinan bizi duten egoeraren berri emango dute.
  • 19:30-23:00 ‘Harresien aurkako jaia. Apartheidik ez!’ jaia. Bideo musikalak. Bost euroan bi edari eta pegatina bat banatuko dituzte. Era berean, Mexikoko takoak dastatzeko aukera ere izango da.