Elgoibarko bikote bat espetxeratu dute droga trafikoagatik

Barren.eus 2017ko eka. 6a, 14:38

Eibarko ertzain etxeko agenteek 32 urteko gizonezko bat eta 27 urteko emakumezko bat atxilotu zituzten joan den eguaztenean Elgoibarren. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, osasun publikoaren kontrako delitua leporatzen diote bikoteari, eta epaileak hala erabakita espetxean daude joan zen barixakutik.

1.800 anfetamina baino gehiago, hiru kilo eta erdi marihuana, speeda eta cristala atzeman dizkiete. Eta baita 40.000 euro eskudirutan ere.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Elgoibarren atxilotutako bikoteak Elgoibar, Eibar eta Ermua inguruan trafikatzen zuen drogarekin, eta Gipuzkoako hainbat dantzalekuetako bezeroei ere saltzen zieten droga. Epailearen esku utzi zituzten atxilotuak, osasun publikoaren aurka egin izana egotzita, eta honek espetxean sartzeko agindua eman zuen joan den barixakuan.
Droga banatzen zuten ustezko trafikatzaileak harrapatzeko ikerketa jarri zuen abian Ertzaintzak, jaso zuten informazioan oinarrituta. Ikertutako bikoteak diru sarrerarik ez izan arren, etxebizitza bat eta bi garaje zituen alokairuan hartuta Elgoibarren, eta horrez gainera, hainbat ibilgailu bien izenera jarrita eta senideen izenean zituzten beste zenbait ibilgailu ere erabiltzen zituzten, beti ere poliziaren arabera.
Ustezko trafikatzaileen zaintza operazioa jarri zuen martxan Ertzaintzak eta hainbat droga salmentaren lekuko izan zirela jakinarazi dute, horietako asko inguruko ohiko drogazaleei. Euren izenera alokairuan hartuta zuten etxebizitzan edo inguruetan aritzen ziren drogra trafikoan. Poliziak jakinarazitakoaren arabera, baina, negozioaren zatirik handiena asteburuetan egiten zuten, inguruko herrietako dantzalekuetara droga-salerosketan aritzera joaten zirenean. Hainbat droga saltzen zituzten: kokaina, speeda, marihuana eta anfetaminak. Azken droga horren kopuru handiak saltzen zituztela nabarmendu du Segurtasun Sailak.
Era berean, alokatutako bi garajeetara sarritan joaten zirela, batzuetan gizonezkoa eta besteetan emakumezkoa, konturatu ziren bikotearen pausuak jarraitzen ari ziren agenteak, eta estupefazienteak bertan gorde zitzaketela ondorioztatu zuten. Joan den eguaztenean, maiatzaren 31n, atxilotu zituzten bi lagunak Elgoibarren.
Atxilotu zutenean, 20 gramo speed atzeman zikioten gizonezkoari.
Etxebizitza eta garajeak zigilatu zituen poliziak eta epailearen baimena jaso ostean miatu zituzten.  1.800 anfetamina baino gehiago, hiru kilo eta erdi marihuana, 250 gramo cristal, 200 gramo speed eta 40.000 euro eskudirutan atzeman zituzten.

Lotura duten albisteak: