Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak eskerrak eman nahi dizkie elikagaien bilketan parte hartu zuten herritarrei, bai janaria batzen aritu ziren 33 boluntarioei eta baita janari ekarpena egin zuten herritarrei ere. "Herrian zeuden aisialdi aukera guztiak kontuan izanda, eskerrak eman nahi dizkiegu, bereziki, proiektu honek Elgoibarren funtzionatzeko euren denboraren zati bat, irrifartsu eta ilusioz beterik, eskaini ziguten 33 lagunei", adierazi dute.
Boluntario horien artean hiru adingabe ere bazirela nabarmendu dute, eta arduradunek esan dute baloreen lanketa berezia egin dutela hiru horiekin. Elgoibarren bildu diren elikagaiak, oinarrizko ekigagaiak guztiak, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Bergaran duen biltegira bidali dira. Handik, Gurutze Gorria-Elgoibar bezalako erakundeen bitartez, elikagaiak herri bakoitzeko familiei helaraziko zaizkie.
Elgoibarko Gizarteratze Mahaia honako erakunde hauek osatzen dute: SARTU, Nagusilan, Kalamua Guraso Elkartea, Ikastolako Guraso Kontseilua, Arreiturrekoak Guraso Elkartea, Elgoibarko Caritas, Pobreziaren Kontrako Plataforma, Stop Desahucios, Elgoibarko Gurutze Gorria eta Elgoibarko Udala.
∞ Lotura duten albisteak:
- Elikagaiak batzeko boluntarioak behar ditu Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak (2017-05-22)
- Elgoibarren eginiko janari bilketan 13.124 kilo elikagai batu zituzten (2016-12-10)
- 16.550 kilo elikagai batu dira aurten, aurreko bi urteetan batutako guztia beste (2015-12-03)
- Ehun boluntariok baino gehiagok parte hartuko dute Elgoibarko elikagaien bilketan (2015-11-26)