Emakumeen eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuten Elgoibarren

Barren.eus 2015ko mar. 9a, 11:51

Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak deituta, hainbat herritar batu ziren atzo, -Emakumearen Nazioarteko Egunean-, Kalegoen plazan egin zuten elkarretaratzean. Elgoibarko Udalak adostutako adierazpen instituzionala irakurri zuen Bittori Zabalak eta Beinke bertso-eskolako ikasleen laguntzaz pare bat bertso abestu zituzten plazan batutakoek. (bideoa eta argazkiak dauzka)

 Nazio Batuen Erakundeak 1975.urtean izendatu zuen martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna; 1995ean Beijingo adierazpena onartu zen eta 2005ean Berdintasunerako Euskal Legea sartu zen indarrean. “Urtemuga ugari eta euri asko egin du ordudanik, baina berdintasun erreala ez da errealitate gauzatu oraindik”, dio Elgoibarko Udalak plazaratu duen adierazpen instituzionalak.

 Era berean, guztiontzat eskubide berberak lortzeko bidean aurrera egitea beharrezkoa dela jasotzen du idatziak: “Elkarrekin eta etenik gabe parekidetasunerantz egin behar dugu. Berdintasuna giza eskubide bat da, jendarte osoari on egiten dion eskubidea. Horregatik nahi genuke adierazpen hau planteamendu ideologikoetatik haratago joatea, inguruabar sozial eta ekonomikoetatik haratago, baita une jakin batetik haratago ere, hots, martxotik haratago. Izan bedi jarrera irmoa eta iraunkorra, izan bedi gure ekintzen ardatza urteko egun guztietan. Justizia sozialak hala eskatzen duelako, eta guztion onerako izango delako”. Elkarretaratzean batutakoek kantatu zuten bertsoa ere antzerako mezuarekin amaitu zen: "...oraindik bada lana eta zer aldatu". 

2015 03 09 martxoak8elkarretaratzeaorok

2015 03 09 martxoak8elkarretaratzeabertsoa

2015 03 09 martxoak8elkarretaratzea1