Elikagaiak batzeko boluntarioak behar ditu Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak

Barren.eus 2017ko mai. 22a, 18:59

Bergarako Elikagai Bankuko eta UVESCO taldeak elkarlanean egingo duten Elikagai Bilketan boluntario aritzeko jendea behar dutela jakinarazi du Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak. Maiatzaren 26an eta 27an egingio dute janari bilketa. Urte hasieratik hona, 20728,352 kilo elikagai banatu dituzte Elgoibarren.

Elgoibarko BM supermerkatuan egingo duten janari bilketarako behar dituzte boluntarioak. Prest dauden lagunek Gurutze Gorrian eman behar dute izena, ahalik eta azkarren. Hala, txandak antolatuko dituzte, bai barixakurako, bai zapaturako, Elgoibarko BM supermerkatuan (lehen Netto zena) 09:30etatik 21:30etara arteko ordutegi etengabea betetzeko. Txanda egiteko ordutegiak boluntario kopuruaren arabera antolatuko dituzte. Gurutze Gorriak koordinatu eta kudeatuko du Elgoibarko bilketa, eta bertara jota eman daiteke izena. Epostara idatzita (elgoibar.social@cruzroja.es) edo euren telefono zenbakira (943 743 864) deituta ere eman daiteke izena.
Boluntarioen laguntza ezinbestekoa dela nabarmendu dute ekimenaren sustatzaileek. "Boluntarioen laguntza ezinbestekoa da; izan ere kanpainaren arrakasta hertsiki lotuta dago saltoki eta ordutegi guztiei aurre egin ahal izateko behar diren boluntarioen kopuruarekin", adierazi dute.
Txaleko  bereizgarriak jantzita, merkataritza-gunean sartzen direnei, poltsa bat eskaini eta poltsa janariarekin bueltatzera gonbidatzea izango da boluntarioen eginbeharra. Ondoren, poltsak jaso eta dohaintzan emandakoa propio prestatutako enbalajeetan jarriko dute.
Elgoibarren, 2014 urtetik hona, adingabeekin batera parte har daiteke elikagaien bilketan, betiere, pertsona horiek "balioetan hezteko" helburuarekin. Gainera, horrela, boluntario kopurua handiagoa izango deloa zehaztu dute.
Adingabeek parte hartu ahal izan dezaten, pertsona heldu baten ardurapean egon beharko dute. Nolanahi ere, neska-mutikoak boluntario gisa izena eman beharko dute, gainerako boluntarioei bezala, asegurua egin diezaieten.
Elgoibarren jasotzen diren elikagaiak Gipuzkoako Elikagai Bankuak Bergaran duen egoitzara eramango dira. Bertatik, gure zonaldean behar duten familien artean banatuko da bildutakoa.
• Elgoibarren batutako janari kopuruak

  • Elgoibarren 200 familia inguru izan ziren 2016an elikagaiak Gipuzkoako Elikagai Bankutik jaso zituztenak. 2016. urtean, 51.108,68 kilo janari banatu dira Elgoibarren.
  • 2017. urte hasieratik hona, berriz, 20.728,352 kilo elikagai banatu dituzte.
  • UVESCO merkataritza taldeak Gipuzkoa Elikagai Bankuarekin hitzartu du jasotzen diren kilo kopuruen %7 gehituko diola produktutan Elikagai Bankuari.

 janari bilketa elgoibar bm gurutzegorria

∞Lotura duten albisteak: