Elgoibarko Udalak antolatuta, GeoElgoibar izeneko ibilbidea gidatuko du Inma Mugerzak, maiatzaren 17an. Joan den otsailean ere eskaini zuen era honetako ibilaldi gidatua, herriko hainbat txokotan ezkutatzen diren bitxikeria geologikoak azaleratzeko. Herriko lur eta hormetako harri askotan fosilak eta landareak aurkitu daitezke atentzio apur bat jarriz gero. Harri horietako gehienak Markinako, Lasturko eta Ereñoko harrobietatik ekarritako harriak dira, eta agerian dituzten marrazki eta koloreak orain dela milioika urte ur azpian bizi ziren era guztietako bizidunen fosilak dira.
Udaletxeko arkupeetatik hasiko da bisita gidatua, 18:00etan, eta bi ordu eta erdiko ibilaldia izango da, eta edozein herritarrek parte hartu dezake. Gurpildun aulkian ere joan daitekeela jakinarazi dute. Plazak mugatuak dira, 25 pertsona gehienez.
Ibilaldian parte hartzeko interesa dutenek, infohydrolur@gmail.com e-postara idatzita edo 943 901 654 telefono zenbakira deituta (10:00etatik 17:00etara) eman dezakete izena.
- Informazio osoagoa BARREN aldizkariko erreportajean (BARREN 1023. zenbakia -PDF-)