Botoa ematera deituta zeudenen %22k eman dute botoa Elgoibarren

Barren.eus 2017ko mai. 7a, 20:55

2.113 elgoibartarrek parte hartu dute Gure Esku Dago mugimenduak deitutako herri galdeketan; bestera esanda: botoa ematera deituta zeudenen %22,10ek eman dute botoa. Eta pozik, oso pozik, zeuden Elgoibarko Gure Esku Dagoko kideak, zenbaketa egin berritan.

Elgoibarren herri galdeketa egitera iristea bera pozgarria zela zioen Jone Ariznabarreta komunikazio lantaldekoak, emaitzak esku artean zituela. Pozik zen, era berean, elgoibartarrek emandako erantzunarekin ere. Izan ere, herri galdeketa egin ahal izateko batu zituzten sinadurak baino boto gehiago batu dituzte. Bi ziren gaur erantzun beharreko galderak: Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea? Nahi al duzu euskal estatu independentea? Lehenengo galderari baietza eman diote 2.032 lagunek eta ezetza 57 (17 lagunek zuri bozkatu dute). Bigarren galderari, berriz, 1.883 lagunek esan diote "bai" eta 165 lagunek "ez" (57 lagunek zuri bozkatu dute). Eguna bera ere giro politean igaro dela nabarmendu dute antolatzaileek. “Dena ondo irten da”, zioen Nagore Sanz batzordekideak.
Debabarrenean, %18,74koa izan da parte-hartzea guztira: Deban, %25,20koa; Eibarren, %11,39koa; Itziarren, %44,46koa; Mutrikun, %34,97koa eta Soraluzen, %27,29koa.

52 herritan 250.000 herritar zeuden deituta gaur beren iritzia ematera, eta 63.201 bozka eman dira guztira, herritarren %25,49k hartu du parte.

gure esku dago elgoibar herriguiztiak taulan

gure esku dago elgoibar herri galdeketa zenbatzen

gure esku dago elgoibar herri galdeketa zenbatzen2