Ama-semeen gorpuak etxean topatu zituzten, labankada ugari zituztela, odolustuta. Emakumea, Rakel Lopez Airas, Eibarkoa zen, baina Bilbon ere bizi izan zen. Egun, Alcobendaszen zuen bizitokia. Badirudi ustezko hiltzailearen senide batek deitu zuela larrialdi zerbitzuetako telefonora, gizonak hilketa aitortu ostean. Espainiako Polizia emakumearen bikotekidearen bila dabil, hiltzailea delakoan. Gizonak “zigor aurrekari larriak” ditu. Hala ere ez zuen urruntze agindurik eta ez omen zegoen tratu txarren salaketarik.
• Elkarretaratzea Eibarren
Madrilgo hilketak gaitzesteko bi dolu-egun izendatu ditu Eibarko Udalak, eta hilketak salatzeko kontzentrazioa egingo dute. Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak bat egin du deialdiarekin.
Eguenean (maiatzak 4) egingo dute protesta isila Eibarko udaletxe aurrean, 20:00etan. Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak. Era berean, gaitzespen mezua zabaldu dute. Hona hemen:
"Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak gaitzespenik irmoena azaldu nahi du sortzez aldameneko udalerrikoa, Eibarkoa, zen emakumearen eta berorren semearen hilketen aurrean, Alcobendasen gertaturikoak, eta elkartasuna adierazten die senideei eta biktimen hurbilekoei. Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak parte-hartzera gonbidatzen du gaitzespena adierazteko biharko, osteguna, maiatzak 4, 20:00etan, Eibarko Udaletxe aurreko plazan egingo den elkarretaratzera eta bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin".