Josu Mugica arduratu da 'Eibar 1937. 80 urte' hitzaldi dramatizatuaren koordinazio artistikoaz

Barren.eus 2017ko api. 28a, 09:57

Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrena gogoratzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte Eibarren astebururako. 'Eibar 1937. 80 urte' hitzaldi dramatizatua izango da horietako bat. Coliseoan gaur; eta, Untzaga plazan, bihar, eskainiko dute. Josu Mugica elgoibartarra arduratu da ikuskizunaren koordinazio artistikoaz eta Nerea Arriola biolin jole mendaroarrak ere parte hartuko du saioan.

Gerrak Eibarren eragindako tragedia latz hura gogora ekartzeko hitzaldi dramatizatua gaur izango da, apirilaren 28an, 20:30etik aurrera, Coliseoan. Zapatuan, hilak 29, Untzaga plazan, 22:00etatik aurrera.
Ekitaldian Eibarko hainbat kolektibotako kideek hartuko dute parte, ehun bat lagun inguru bilduko dira agertokian; Gerra Zibilean Eibarrek pairatu zituen bonbardaketekin lotutako gertakari adierazgarrienak antzeztuko dituzte.
Gidoia eta historiarekin lotutako aholkuak Jesús Gutiérrez Arosa historialariak bideratu ditu eta Josu Mugica ibili da koordinazio artistikoa egiten. Parte hartzaileen artean izango da Nerea Arriola biolinista mendaroarra ere.

Ikuskizunak lau atal edukiko ditu. Lehenengoan hauek azalduko dira: Errepublikaren garaiko Eibar nolakoa zen, 1931ko apirilaren 14tik hasita; 34ko iraultzaren gertakariak; langile-borrokak; Euskadiko Estatutua lortzeko hartu-emanak, eta abar.

Bigarren atala: gerrako frontea Eibarren geldirik egon zen zazpi hilabeteen kontakizuna, 1936ko irailetik 1937ko apirilera; hiriaren setioa, 1936ko irailetik hasita, eta borroka latzak Arraten, Kalamuan…; Eibarko eguneroko bizitza zibilak bertatik ebakuatu ondoren.

Hirugarren atalean Eibarren setioa kontatuko dute. Setioan irtenbide bakarra zegoen, Bizkaira doan igarobidea. Hiriaren inguruko mendietan borroka latzak zeuden eta ia egunero erasotzen zuten herria kanoikadaz. Setioaren amaierako bonbardaketa lazgarria azalduko dute, 1937ko apirilekoa, eta herria nola hartu zuten mendean. Laugarren atalean, azkenean, gerra ondoren Eibar berreraikitzeko egindako lanak azalduko dituzte. (informazio osoagoa: egoibarra.eus)

Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrena gogoratzeko antolatu duten egitarau osoa etakitto.eus webgunean duzue.

 
 Odonnelleko zuloa Eibarren tranpantojoa eibar lekim animaciones