Martxan da Mendaroko estreinako igogailu publikoa

Barren.eus 2017ko mar. 28a, 13:38

Garagartza kalea Herriko Enparantzarekin lotzen duen igogailu publikoa martxan da joan den martitzenetik. Mendaroko alkate Sonia Garciak zerbitzu berri honi “erabilera egokia” emateko eskatu du, “denon artean zaintzen badugu gehiago iraungo duelako”.

Joan den urteko azaroan hasi zituzten Mendaron estreinako igogailu publikoa jartzeko lanak eta joan den martxoaren 21ean jarri zuten martxan. Etenik gabe, 24 orduz, eskaintzen du zerbitzua eta 8 lagunentzako lekua dauka. Dena den, igogailua martxan badago ere, igogailuaren atzeko horma harriztatzeko lanak egitea falta dela jakinarazi du Sonia Garciak. “Lanen bigarren fase horrek irauten duen bitartean baliteke pare bat egunetan igogailua itxi beharra izatea”, esan du. Igogailua egiteko lanek 161.100 euroko kostua izan dute eta harriztatze lanen aurrekontua 38.400 eurokoa da. Eusko Jaurlaritzak landa eremuak sustatzeko ematen dituen laguntzetatik 92.214 euro jaso dituztela argitu du Mendaroko alkateak.
Garagartza kalea eta Herriko Enparantzaren artean dagoen altuera desberdintasuna gainditzen lagunduko duen igogailu berriaren “erabilera egokia” egiteko eskatu die herritarrei alkateak.

Igogailua egitea erabaki zutenean, erabilera handia izango duen ekipamendua izango dela adierazi zuen Mendaroko alkate Sonia Garciak. “Kontuan izanda Garagartzako kale nagusietan gutxi gorabehera 300 pertsona bizi direla eta han daudela San Agustin kultur gunea –aisialdi ekintzak eta ikuskizunak egiten dira eta musika eskola ere bertan dago– eta haur-eskola pentsatzen dugu beharra badagoela eta igogailuak erabilera handia izango duela”, adierazi zuen Mendaroko alkateak.

∞ Lotura duten albisteak: