Heroinaren garai ilunak mintzagai

Barren.eus 2017ko mar. 16a, 21:23

Justo Arriolaren A los pies del caballo liburuaren aurkezpena egin zuten joan zen astean Elgoibarren, eta horren harira, heroinak Euskal Herrian, Epainian eta, bereziki, Elgoibarren izandako eraginari buruzko mahai-ingurua antolatu zuten Gazte Asanbladak eta Errotatxo drogomenpekotasunaren prebentziorako elkarteak.

Justo Arriola, Andoni Segundo Errotatxoko kidea eta Jabi Agirre 80ko hamarkadan Gaztetxeko kide izandakoak osatu zuten mahaia, eta Iñaki Larrañaga gaurko Gazte Asanbladako kideak gidatu zuen solasaldia. Kultur Etxeko hitzaldi gela txiki geratu zen. Ikusleen artean 80-90eko garaia bizi izan zutenak zeuden batetik, baina baita garai hura ezagutu ez zuten gazteak ere.

 Justo Arriolak hartu zuen hitza lehenengo. Interneteko foro batean eztabaidan zebilela sortu zitzaion liburua idazteko ideia. Justok heroinaren zabalpenari buruzko tesi argia dauka. Bere ustez, indar polizialek ahalbidetu zuten heroinaren zabalpena Euskal Herrian, eta hori arrazoitzeko hainbat eta hainbat argudio bildu ditu liburuan. Drogak munduan, Espainian eta Euskal Herrian izan duten eragina jasotzen du batetik, eta azkenik, Elgoibarrera ekartzen du gaia. Heroinak 80ko eta 90eko hamarkadetan Elgoibarren izandako eragina biltzen du.

Errotatxoren lan ildoak

Tarte zabala hartu zuen gai honek mahai inguruan. Heroina oso azkar zabaldu zen Elgoibarren, eta heroinan engatxatutako gazteen kopurua handia izan zen. Gazte horiei eta euren senideei laguntzeko sortu zen Errotatxo. Andoni Segundok azaldu zituen zeintzuk ziren Errotatxoren hiru lan ildoak: drogomenpekotasuna zutenei eta senideei laguntzea, prebentzioa lantzea eta erakundeekin zubi-lanak egitea. Eta egin behar izan zuten, bai. Jabi Agirre garai hartako Gaztetxeko kideak gogoratu zuen garai hartan gazteen eta Udalaren arteko harremanak zailak zirela. Maalan eraiki zuten estreinako gaztetxea. Gazteek eurek egin zuten lan guztia, eta helburua oso garbi zeukaten: gazteak biltzeko leku bat zen Gaztetxea. Hasieratik heroinaren kontrako jarrera hartu zuten, herrian askok kontrakoa uste zuten arren. Oroitzapen onak ditu Gaztetxeari buruz, eta haiek egindako lanari esker, gaur egun oraindik Elgoibarren Gaztetxea dagoela adierazi zuen.

Mahai-ingurua bukatzear zela ikusle batek hartu zuen hitza, eta ETAk narkotrafikoaren kontra hartu zuen jarrera aipatu zuen. Bere ustez, ezin zen mahai-ingurua bukatu gai hura aipatu gabe. ETAk hainbat lagun hil zituen droga trafikatzea leporatuta, eta horietako bi lagun Elgoibarren hil zituen: Patxi Zabaleta eta Sebastian Aizpiri. Ikusle honek esan zuenez, oraindik inork ez du frogatu bi herritar horiek trafikatzaileak zirenik.

• Heroinaren eraginez Elgoibarren hildakoen kopurua

Justoren liburuan 61 abizen daude jasota heroinaren eraginez Elgoibarren hildakoen artean, baina gehiago izan omen ziren. Hasieran zenbatzen hasi zirela azaldu zuen Andoni Segundok, baina gerora zenbatzeari utzi zioten, askok ezkutatu nahi izaten zutelako. Hala ere, Elgoibar da Bermeorekin batera Euskal Herrian heroinaz jende gehien hil den herria. ‘Zergatik?’ galdetu zuen ikusleetako batek Kultur Etxean. Andoni Segundok esandakoaren arabera, Osakidetzak berak ere ez dauka horren azalpenik, baina gogoratu zuen garai hartan Udalak Elgoibarren hartutako erabaki bat: botiketan xiringak saltzea debekatu zuten. Onerako ari zirelakoan, sekulako kaltea eragin zuen horrek. Lapurretak hasi ziren, atxiloketak, sarekadak tabernetan... Sarekada horietako bat ekarri zuen gogora Jabi Agirrek. Lojantzi tabernan zegoen ostiral gau baten kafe bat hartzen, Guardia Zibila iritsi zenean. Furgonetan sartu zituzten hogei bat gazte, eta Eibarko kuartelera eraman zituzten. Hogei gazte horiek zituzten droga-pilulak elkarren artean banatu zituzten furgonetan, inori ezer ez harrapatzeko, eta pilula poteak furgonetan bertan geratu ziren. Sarekada hartan ere oso droga gutxi aurkitu zuten, “interesik ez zegoelako”. Justoren tesiarekin bat egin zuten Agirrek eta Andoni Segundok ere, eta salatu zuten droga salmentarako poliziaren baimen osoa zegoela. Elgoibarren heroina lortzea oso erraza zela gogoratu zuten. “Denek zekiten nork saltzen zuen, eta non eskuratu zitekeen”.
Herri txikia da Elgoibar, eta 80-90eko hamarkadetan infernu handi bilakatu zen.

heroina elgoibar mahai ingurua justo arriola ikusleak

heroina elgoibar mahai ingurua justo arriola 1