Rodisa eta Bernardo Ezenarro lantegietan geldialdia egin dute Iker Amutxastegiren senideei elkartasuna adierazteko

Barren.eus 2017ko mar. 14a, 15:23

Iker Amutxastegiren lankideek –Rodisa enpresakoek eta Bernardo Ezenarrokoek– hamar minutuko lanuztea egin dute Amutxastegiren familiari elkartasun adierazteko. Auto istripuan hil zen atzo Azkarate gainean.

Rodisako behargina izan da Iker Amutxastegi duela bi aste arte (Bernardo Ezenarron hasia zen lanean duela egun batzuk), eta atzo auto istripuan zendu zen. Bateko eta besteko lankideek elkartasun adierazi nahi izan diote Amutxastegiren senideei eta hamar minutuko lanuzteak egin dituzte.

• Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolaren adierazpena

Era berean, Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolak ere argitaratu du dolu adierazpena sare sozialetan. Momentu oso gogorrak direla diote idatzian: “Gure txirrindulari ohi, gure zuzendari, gure kide, gure lagun eta gure bizitzako parte oso garrantzitsua izan zara. Orain zurekin batera hasitako lan berri horri jarraipena ematea tokatzen zaigu. Ez zaitugu ahaztuko eta gurekin batera izango zara zauden lekutik. Gure besarkada beroena familia eta gertukoei”. 

Iker Amutxastegi Eibarko Txirrindularitza Elkarteko Loren Amutxastegiren semea zen eta bera ere kirol horri lotuta egon zen Azpiru Inmobiliaria afizionatuen mailako taldea zuzentzean. Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolarekin ere harreman handia izan zuen. Taldeko txirrindulari ohia izateaz gainera, zuzendaritzako kidea zen une honetan. Txirrindularitzarekin batera futbola maite zuen eta Eibar futbol taldea bereziki. Eibar Foball Taldeko jarraitzaileen Eskozia la Brava peñako partaidea zen.