Elkarretaratzeak, martxa morea eta artile sarea izango dira martxoaren 8an

Barren.eus 2017ko mar. 8a, 10:50

Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, martxoak 8. Elgoibarren eta Mendaron hainbat ekintza antolatu dituzte emakumeen eta gizonen arteko eskubide berdintasuna aldarrikatzeko. Elgoibarren Martxa Morea antolatu du Emakumeen Kontseiluak, eta emakume ezkertiarren argazkia ateratzeko deia egin du emakume talde batek. Mendaron, berriz, artile sare bat irudikatuko dute Herriko Enparantzan.

Joan den azaroaren 25ean Mendaron egin zuten Women in Black ekimenak izan zuen arrakasta ikusita, performancea eta parte-hartzea uztartzen dituen beste ekimen berri bat antolatu du gaurko Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak. Jakinarazi dutenez, emakumeen eta gizonen arteko eskubide berdintasuna aldarrikatzea eta emakumeen arteko elkartasuna adieraztea dira ekimenaren helburu nagusiak. Herriko Enparantzan batuko dira 19:00etan, eta plazaren erdigunean kokatuko dira parte hartu nahi duten emakumeak. Kolore desberdinetako artile matazak trukatuko dituzte bata bestearekin, eta artile sare bat osatzea izango da helburua. Era berean, parte hartzaile bakoitzak lema, esaldi eta aldarrikapen desberdinak eramango dituzte inprimatuta. Bakoitzak berea eraman dezakeela ere argitu dute antolatzaileek. Gero, arropa pintzak hartuta, artile sarean zintzilikatuko dituzte. Soinua edo zarata ateratzen duten instrumentuak: panderoa, tanborra, e.a. eramateko eskatu dute. More edo beltz koloreko arropekin jantzita joateko eskatu dute. 

• Martxa Morea Elgoibarren

Emakumeen Nazioarteko Egunerako, martxoaren 8rako, Martxa Morea antolatu dute. Kalegoen Plazan batuko dira 19:00etan, eta elkarretaratzea egin ostean hasiko da Martxa Morea. Herriko kaleak zeharkatu ostean plazan amaituko da.

Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak 2014an antolatu zuen estreinakoz Martxa Morea, azaroaren 25aren harira, emakumeenganako indarkeria salatzeko ekintzen barruan. Ekimen arrakastatsua izan zen eta herritar askok hartu zuten parte herriko kaleetan barrena, 1,7 kilometroko ibilbidean, egin zuten martxan. Ekimena berreskuratu zuten iaz, martxoaren 8an, eta hirugarrengoz egingo dute aurten. 

• Emakume ezkertiarren argazkia

Elgoibarko emakume ezkertiar eta euskaldun talde batek emakume ezkertiarren “argazki erraldoia” ateratzeko deialdia egin du gaurko. “Euskaratik, emakumetasunetik, ezkerretik... hiru borroka horiek elkartzen gaituztelakoan, emakumeok antolatu eta urratsak egin behar ditugu, eta hau lehen pausoa izan daiteke”, azaldu dute. 20:00etan batuko dira Elgoibarko Kultur Etxe parean.