Zinea eta musika uztartuko dituen 'Iluntze Solidarioa' antolatu du 2-dean B-rotuz taldeak

Barren.eus 2017ko mar. 7a, 15:55

Errefuxiatuen arazoek bere horretan, "ezer aldatu gabe", jarraitzen dutela salatu du Elgoibarko 2-dean B-rotuz taldeak. hori dela-eta, 2-dean besteen azalean izeneko egitasmoaren barruan, kultura eta elkartasuna uztartuko dituen Iluntze Solidarioa ekimena antolatu dute martxoaren 30erako.

“Errefuxiatuen arazoak berdin jarraitzen du, egoera larria da, ez da ezer konpondu. Hori dela eta, “2-dean besteen azalean” egitasmoan murgilduta gabiltza”, azaldu dute errefuxiatuei laguntzeko Elgoibarren sortu zen 2-dean B-rotuz taldeko kideek. Egitasmo horren baitan, kultura eta elkartasuna uztartuko dituen egitasmoa antolatu dutela jakinarazi dute: Iluntze Solidarioa. “Munduan ematen diren errealitateak kontatzeko bikainak diren bi bide batuko ditugu Iluntze Solidarioan; zinema, batetik, eta musika, bestetik”, azaldu dute. 

• Zinea eta musika

Elgoibarko Herriko Antzokian izango da Iluntze Solidarioa martxoaren 30ean, 20:30etik aurrera. Lehenik, Wait, just wait izeneko dokumentala eskainiko dute. Javi Julio (Donostia, 1978) argazkilariak errefuxiatuen egoera salatzeko egindako dokumentala da. Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteko kideek Kiosera ailegatzen diren errefuxiatuei laguntzeko egiten duten lanaren egunerokoa kontatzen du 30 minutuko dokumentalak. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak iritsi berriei esaten diena da dokumentalaren izenburua: "Itxaron, soilik itxaron". Gainera, dokumentalaren bidez lortzen duten dirua Zaporeak eta Itsas Salbamenduak Kioseko kanpamenduetan laguntza eskaintzen jarraitzeko izango da. 

Dokumentalaren emanaldiaren ostean, kontzertua emango du Izaro (Izaro Andes Zelaieta, 1993, Mallabia) abeslariak. Izarok duela bi urte jarri zuen berak konposatutako lehen abestia sarean, Paradise izenekoa, eta hautsak harrotu zituen. Gero Om diskoa argitaratu zuen.

Sarrerak 10 euroan salduko dituzte, aurre salmentan, eta, 12 euroan leihatilan.

 iluntze solidarioa elgoibar 2deanberotuz

∞ Lotura duten albisteak: