Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira ekintza ugari antolatu dituzte Elgoibarren

Barren.eus 2017ko mar. 2a, 22:26

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzak jakinarazi ditu Elgoibarko Udalak. Martxoaren 3tik 17ra bitartean "era guztietako eta adin guztiei" zuzendutako ekimenak biltzen dituen egitaraua prestatu dute.

Elgoibarko Udalak, aurten ere, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, ekintza ugari antolatu ditu martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Haizea emakume taldeak antolatutako bideo forumarekin hasiko dira ekitaldiak barixaku honetan, martxoaren 3an. Loredi Salegik gidatuko duen saioan Los limoneros filma ikusi eta aztertuko dute. Kultur Etxeko Hitzaldi gelan izango da, 21:30ean. Kafea eta pastak banatuko dituzte saioaren hasieran.
• Helduentzako ipuin erotikoak
Martitzenean, hilak 7, Gotzon Garate Udal Liburutegiak Berdintasun Sailarekin elkarlanean Hotzikara, musikatutako helduentzako ipuin kontaketa saioa antolatu du. Ines Bengoak kontatuko ditu ipuinak, erotikoak, Josu Lizarragaren zuzeneko musikaren laguntzarekin. 19:00etan hasiko da.
Martxa Morea
Emakumeen Nazioarteko Egunerako, martxoaren 8rako, Martxa Morea antolatu dute. Kalegoen Plazatik hasiko da 19:00etan. Herriko kaleak zeharkatu ostean plazan amaituko da eta bertan egingo dute gero elkarretaratzea, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna aldarrikatzeko.

martxamorea elgoibar
Berdintasuna eta Maskulinitate Berriak
Martxoaren 9rako hainbat ekintza antolatu dituzte. Alde batetik, “Berdintasuna eta Maskulinitate Berriak – Igualdad y Nuevas Masculinidades. 24 imágenes nuevas para una sociedad nueva” izeneko erakusketa inauguratuko dute 18:30ean Kultur Etxeko erakusketa gelan. Udalaren Berdintasun Sailak eta Emakumeen Kontseiluak antolatua, martxoaren 17ra arte egongo da zabalik, eta honako ordutegian bisitatu ahal izango da: astean zehar 18:30-20:30, jaiegunez 12:00-14:00. Domeka arratsaldetan itxita egongo da. Beste alde batetik, “Bizitza pertsonala, familia eta lanaren uztartze erantzunkidea” ekimena aurkeztuko dute, eta, 19:00etatik aurrera, “El milagro de conciliar” bideo foruma hasiko da Kultur Etxean.
Sarean kateatuak antzezlana
Sarean kateatuak izeneko antzerkia eskainiko du Nomofobikak taldeak martxoaren 10ean, Herriko Antzokian (20:30). Gazte eta helduei zuzendutako obra da, eta egungo gizarteak eskuko telefonoekiko eta sare sozialekiko duen mendekotasunean jartzen du arreta. Olatz Beobide, Amaia Lizarralde eta Belen Cruz aktoreek mugikorrik eta sare sozialik gabe bizitzen ez dakien gizartea irudikatuko dute antzezlanean. Umorea baztertu gabe, hiru emakumeak terapia bati ekingo diote mendekotasuna tratatzeko. Nomofobikak taldeak 2016ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza Saria eskuratu zuen antzezlan horrekin.
Akordeoi kontzertua

Larunbatean, martxoak 11, Haizea Emakumeen Elkarteak antolatuta, Sustrai akordeoi taldeak kontzertua emango du Kultur Etxeko Sotoan (12:30). Gero, 15:00etan, Emakumeentzako bazkaria egingo dute Karakate Jatetxean.

sustrai akordeoi kontzert2

Jabekuntza tailerra

Amaitzeko, astelehenean, hilak 13, Udal Jabetza Eskolak antolatuta, Loredi Salegik El movimiento feminista. ¿Qué es ser feminista?”, izeneko emakumeentzako jabekuntza tailerra zuzenduko du. Kultur Etxeko Hitzaldi gelan izango da, 18:30ean.