Joseba Zinkunegi eta Iker Jausoro dira Valdezcarayn hildako mendizaleak

Barren.eus 2017ko ots. 26a, 19:31

Joseba Zinkunegi (Eibar, 1966) eta Iker Jausoro Murgiondo (Oñati, 1968) mendizaleak hil dira Valdezcarayn, Errioxan, San Lorenzo menditik amilduta.

Valdezcarayko eski estaziotik gertu izan da ezbeharra, 14:00ak aldera, San Lorenzo mendiaren (2.271 metro) ipar aurpegian. Mendian behera 300 bat metro amildu eta Colocobia izeneko Valdezkarayko eski estazioko pistaraino jauzi dira Joseba Zinkunegi eta Iker Jausoro. Antza elur-raketak erabiliz mendi ibilbidea egiten ari ziren bi lagunak, Elgoibarko bizilagunaki biak. Mendian behera amildu eta istripua gertatu den lekuan bertan hil da Joseba Zinkunegi. Iker Jausoro, berriz, bizirik jaitsi dute menditik salbamendu taldekoek, baina Errioxako Gobernuak jakinarazi duenez, ordu gutxira hil da. 

Alberto Breton, Espainiako Gobernuak Errioxan duen ordezkariak adierazi duenez, bi mendizaleei gertatu zitzaienari buruzko uste okerrik izan aurretik, epaitegiei dagokie gertaturikoa ikertzea. "Istripua izan daiteke elurrean zegoen izotzaren egoeragatik edo elur zatiren bat erori delako, baina zaila da zer gertatu zen jakitea, ez baitago lekukorik. Poliziaren perituen txostenak ikertu beharko ditu epaitegiak".

Joseba Zinkunegi “Zinku” kazetaria zen eta ezker abertzaleko komunikazio arduradun izan zen urte askoan, Euskal Herriko Alderdi Komunistako (EHAK) eta Sortukoa, besteak beste. 2007ko urrian Espainiako Poliziak Seguran Batasunaren kontra hasitako operazioaren harira atxilotuetako bat izan zen Zinkunegi. Batasuneko 23 kide atxilotu zituzten orduan, baina operazio hark jarraipena izan zuen gero. Joseba Zinkunegi, esaterako, 2008ko otsailaren 11n atxilotu zuten Batasuna, EHAK eta EAE-ANVko beste hamahiru lagunekin batera, eta 50.000 euroko bermea ordainduta 2010eko otsailean laga zuten libre, politikan jarduteko debekuarekin. 04/08 sumarioaren auzian auzipetuta zeuden 35 euskal herritarrek, tartean Joseba Zinkunegi, akordioa lortu zuten gero, 2016. urtearen hasieran, eta ez ziren kartzelara joan.

'Jon Anza. ¿El último crimen de estado?' izeneko liburua kaleratu zuen Joseba Zinkunegik, Juan Jose Petrikorenarekin (Andoain, 1963) batera, 2011n. Jon Anza ETAko militantearen biografia eta haren desagertzearen eta heriotzaren inguruko datuak eta galderak bildu zituzten liburuan.

Iker Jausorok, bestalde, IMHn lan egiten zuen. Ikastetxeak dolumin adierazpena argitaratu du IMHren web orrian.