‘Eta hik zer’ antzerki-forumak itxiko ditu bizikidetzari buruzko jardunaldiak

Barren.eus 2015ko ots. 25a, 13:07

Eta hik zer izeneko antzerki-forumarekin amaituko dira gaur udalak eta Baketik fundazioak antolatu dituzten bizikidetzari buruzko jardunaldiak. Egungo testuinguru sozial eta politikoan elkarbizitza eta adiskidetzea sustatu asmoz sortu dute Antzerki-foruma, eta hiru galderen inguruan hausnartzeko aukera eskainiko du ekitaldiak: zer gertatu da eta zergatik? Zer egin dezakegu orain? zer egin dezakegu etorkizunean errepika ez dadin? 

 Antzerki-lan labur bat antzeztuko dute aipatutako gaiarekin harremana duten bost istorio laburrekin. Ondoren, ikusleei galdetuko diete kontakizunaren zein puntutan gerta litekeen aldaketaren bat amaiera positiboago batera bideratzeko. Orduan, ikuslegoa istorioaren parte sentitzen hasiko da. Iradokizunak, momentuan, bat-batean asmatuko dira eta azkenean ikusleak eurak izango dira ikusi nahi dituzten aldaketak adierazten dituztenak, taula gainean, aktoreekin batera. Horrela, antzerki-lan bera ikuspegi desberdinetatik kontatu ahal izango da. 

"Bi orduko esperientzia pertsonal bat da, gure iragan hurbilera begiratu eta etorkizun kolektiboa beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera ematen diguna", azaldu zuen Baketik fundazioko Iker Usonek. Ekimen hau Bakearen Itsasargian (Donostia2016) kokatzen da. 

Gaur (otsailak 25) izango da ekitaldia, 18:00etan, musika eskolan. Izena emateko info@baketik.org helbidera idatzi edo 943 251 005 telefonora deitu daiteke.

Lotura duten albisteak: