Herri galdeketako galdera aurkeztuko du Gure Esku Dagok zapatuan

Barren.eus 2016ko abe. 13a, 14:56

Elgoibarko Gure Esku Dago taldeak jakinarazi duenez, Euskal Herriko etorkizun politikoari buruzko herri galdeketa egin nahi dute 2017an, eta zapatu honetan aurkeztuko dute galdeketarako adostu duten galdera zehatza. Galdeketa egin ahal izateko, baina, 1.500 sinadura lortu behar dituzte Elgoibarren.

Elgoibarko Gure Esku Dago taldeak, Debabarrenako beste herriekin batera, estatus politikoaren eta autodeterminazioaren inguruko herri galdeketa bultzatu nahi du. Hurrengo urteko udaberrian egin nahi duten galdeketa egin ahal izateko, baina, hainbat pauso eman behar dituzte aurrez. Horien berri emateko ekitaldia antolatu dute zapaturako (abenduak 17). 13:00etan izango da ekitaldia Elgoibarko Kultur Etxe aurrean.

Batetik, galdeketarako adostu duten galdera zehatza zein den aurkeztuko dute ekitaldian. Jakinarazi dutenez, hainbat herritar lanean ibili dira azken hilabeteetan etorkizuneko galdeketako galdera adosten. Bestetik, galdeketa egin ahal izateko Elgoibarren erroldatutako herritarren %10aren sinadurak beharko dituzte herri galdeketa egin ahal izateko, 1.500 sinadura inguru, alegia. Zapatuan hasiko dira sinadurak batzen. Horrenbestez, herritarrei dei egin diete sinadura bilketan parte hartzeko eta zapaturako antolatu duten ekitaldian agertzeko. Izan ere, talde argazkia ateratzeko asmoa dauka taldeak.