Elgoibarren eginiko janari bilketan 13.124 kilo elikagai batu zituzten

Barren.eus 2016ko abe. 10a, 11:03

Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak jakinarazi duenez, elikagai bankuarentzat 12.524 kilo elikagai batu zituzten azaroaren 25ean eta 26an Elgoibarren egin zuten janari bilketan. Sanlo eta C.D. Elgoibarrek ere bat egin zuten deialdiarekin eta 450 kilo eta 200 kilo elikagai batu zituzten, hurrenez hurren.

Elgoibarren 2013an egin zuten aurreneko janari bilketa erraldoia eta 6.565 Kg elikagai bildu ziren; 2014an 9.980 Kg, eta 2015ean 16.550 Kg. Aurten, berriz, 13.124 kilo batu dituzte, eta horrez gainera, behar-beharrezko elikagaiak eskuratzeko erosketa-bonuak ere eman dituzte elgoibartarrek, 2.583 euro guztira. Elgoibarren jasotzen diren elikagaiak Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Bergaran duen egoitzara eramaten dituzte. Premia larrian dauden familien artean banatuko dituzte gero, Gurutze Gorria moduko erakunde laguntzaileekin lankidetzan.
• 126 boluntario
Elgoibarko Gizarteratze Mahaia osatzen duten erakundeek (SARTU, Nagusilan, Kalamua Guraso Elkartea, Ikastolako Guraso Kontseilua, Arreiturrekoak Guraso Elkartea, Elgoibarko Caritas, Pobreziaren Kontrako Plataforma, Stop Desahucios, Elgoibarko Gurutze Gorria eta Elgoibarko Udala) eskerrak eman nahi dizkiete 2016 urteko elikagai bilketa handian parte hartu duten pertsona guztiei. Guztira 126 lagun aritu ziren lanean modu boluntarioan (120 izan ziren iaz), janariak batzen gehienak eta logistika prestatzen gainerakoak. Laguntzeko prest azaldu ziren lagunak asko zirela-eta, 23 lagun erreserban geratu behar izan ziren. Era berean, egin beharreko lana lagun gehiagoren artean banatzeko modua izan zutenez, boluntario bakoitzak egin beharreko txandak motzagoak izan ziren, bi ordukoak, hain justu ere.

Elgoibarren, 2014 urtetik hona, adingabeekin batera parte har daiteke elikagaien bilketan, betiere, gazte horiek balioetan hezteko helburuarekin, eta aurten ere asko izan dira janari bilketan laguntzen aritu diren ume eta gazteak.

• Sanlo eta C.D. Elgoibar
Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeak zein CD Elgoibarrek ere bilketarekin bat egin zuten. Eskubaloi taldeak bere bazkide, jarraitzaile eta aurkarien artean zabaldu zuen deialdia eta emaitza 450 kilo elikagai izan da, iaz lortu zutena baino 50 kilo gehiago. C.D. Elgoibarrek ere lortu du iaz batutako 50 kiloak gainditzea eta 200 kilo elikagai batu dituzte aurten.

∞Lotura duten albisteak: