'Women in Black' ekimena egingo dute Mendaron indarkeria matxista gaitzesteko

Barren.eus 2016ko aza. 18a, 19:29

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak, Udalaren babesarekin. Antolatutako ekintzen artean, azaroaren 25erako Women in black ekimena iragarri dute. Estatuan bikotekideek hil dituzten emakumeak ikustarazteko kale-ekintza da, eta aurrez beste herri eta hiri askotan ere egin izan da

Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak 16 urtez gorako herriko emakumeak inplikatu nahi ditu Women in black ekimenean eta azaroaren 25ean plaza hartzera deitu dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak hildako emakume bat irudikatuko du, isilean. 19:00etarako jarri dute ordua. Ekintza honen gaineko argibide eta zehaztasun gehiago nahi duenak Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldearen blogean aurki ditzake: mendarokotratuon.blogspot.com.

• Indarkeriaren aurpegiak ikusaraziz hitzaldia

Tratu Onen Aldeko Taldeak prestatu dituen ekitaldiak, baina, azaroaren 18rako iragarri duten solasaldi batekin hasiko dira. Malen Aldalur eta Ana Iruretagoyena Klitto! aldizkari digitaleko kazetari eta sortzaileak gonbidatu dituzte solasaldira eta indarkeria matxista normalizatuen irakurketarako gakoak landuko dituzte. Indarkeriaren aurpegiak ikusaraziz jarri diote izenburua solasaldiari eta indarkeria matxista identifikatzeko tresnak eta hari aurre egiteko mekanismoak aztertuko dituzte taldean. Udaletxeko batzar aretoan izango da solasaldia, 19:00etan hasita, eta antolatzaileek aurreratu dute zaintza zerbitzua izango dela Ludotekan, solasaldira joan nahi duten gurasoentzat.
‘Macho-maris’ antzezlana

Azaroaren 20an, berriz, ‘Macho-maris’ antzezlana ekarriko dute San Agustin Kulturgunera. Zipristintzen berdintasunaren aldeko kolektibotik sortutako antzezlana da Macho-Maris, Markus eta Juanmanoloren show-a. “Ezin gizonagoak diren gizon bik sortutako ikuskizun hau, umorearen bidez, kode matxisten kontra matxinatzen saiatzen ari diren gizonei eskaini nahi zaie; berdintasunaren aldeko lanean esfortzua egiten ari direnei, hain zuzen”, diote aurkezpen kartelean. Doan izango da antzerkia, eta antolatzaileek zaintza zerbitzua jarriko dute ludotekan, antzezlana ikustera joan nahi dutenentzat.

macho maris