Elikagaien bilketarako boluntarioak behar dira

Barren.eus 2016ko aza. 17a, 07:53

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak janari bilketa egingo du azaroaren 25ean eta 26an, eta Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak bat egin du ekimen horrekin. Txandak antolatuko dituzte, bai ostiralean, bai larunbatean, 9:00etatik 21:00etara arteko ordutegi etengabea betetzeko, eta horretarako boluntarioak eskatu dituzte.

Elgoibarren, Elikagaien Bankuari boluntario lanak egiten lagundu nahi dioten pertsonek ahalik eta azkarren eman beharko diote horren berri Elgoibarko Udalaren Gizarte Ongizate Sailari (Kalegoen 6, behea). Horretarako, Ongizate Sailera bertaratu edo 943 741 008 telefono zenbakira deitu beharko dute; erakunde hori baita Elgoibarko bilketa koordinatu eta kudeatuko duena.

Boluntarioen laguntza ezinbestekoa dela azaldu dute ekimenaren sustatzaileek; "izan ere kanpainaren arrakasta lotuta dago saltoki eta ordutegi guztiei aurre egin ahal izateko behar diren boluntarioen kopurua lortzearekin. Horretaz gain, pertsonen prestutasunak kanpainaren gestioa erraztuko du".

Txaleko bereizgarriak jantzita, merkataritza-gunean sartzen direnei bonu bat ematea izango da boluntarioen eginbeharra, herritarrek dohaintza egiteko, edo bestela, poltsa bat eskaini eta poltsa janariarekin bueltatzera gonbidatuko dituzte. Ondoren, poltsak jaso eta dohaintzan emandakoa propio prestatutako enbalajeetan jarriko dute.

• Adingabeak baloreetan hezteko aukera
Elgoibarren, 2014 urtetik hona, adingabeekin batera parte har daiteke elikagaien bilketan, betiere, gazte horiek balioetan hezteko helburuarekin. Adingabeek, baina, pertsona heldu baten ardurapean egon beharko dute. Nolanahi ere, neska-mutikoak boluntario gisa izena eman beharko dute, gainerako boluntarioei bezala, asegurua egin diezaioten.

2016 11 17 janari bilketa kalamua

Aurreko urteetan batutako janari kopuruak
Elgoibarren jasotzen diren elikagaiak Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Bergaran duen egoitzara eramango dira. 2013an 6.565 Kg elikagai bildu ziren; 2014an 9.980 Kg eta  2015ean 16.550 Kg.
Elgoibarko Gizarteratze Mahaia honako hauek osatzen dute: Gurutze Gorria, Sartu, Caritas, Nagusilan, Kalamua Guraso Elkartea, Ikastolako Guraso Kontseilua, Elgoibarko, Pobreziaren Kontrako Plataforma, Stop Desahucios eta Elgoibarko Udala.

∞Lotura duten albisteak: