Korta sarietako bat jaso du Jesus Bilbaok

Barren.eus 2016ko urr. 21a, 11:38

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2016ko Joxe Mari Korta Sariak banatu ditu, eta saridunen artean Jesus Bilbao elgoibartarra dago.  Aurten makina-erremintaren, etxeko altzarien, ekitaldi-zerbitzuen eta mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko gizon-emakumeak saritu dituzte.

Jesus Bilbao Aizpiri elgoibartarra izan da Eusko Jaurlaritzaren Korta sarietako bat jaso duena. Bidetik Fundazioak proposatu zuen elgoibartarrak, eta bereziki, erreminta makinaren munduan egindako ibilbidea hartu dute kontuan, saria emateko orduan. Ez da hau, baina, sari bat jasotzen duen lehenengo aldia, izan ere,2012an Debabarreneko Gure Balioak Saria ere berari eman baitzioten. 

Ikasketak: Elgoibarko Eskola Publikoan, El Pilar Ikastetxean, Anita andereñoaren Akademianeta Elgoibarko Lanbide Heziketa Eskolan ikasi zuen.

Lan Esperientzia: Bere ibilbide profesionala aprendiz-laguntzaile gisa hasi zuen Danobateko bulego teknikoan, 1956. urtean. Handik hamar urtera bulego teknikoko buru izateari utzi, eta kudeatzaile izendatu zuten. 1967an Danobatek, Eguzkik eta Acme-Debak sortu zuten Maherco aldi baterako enpresa-elkarteko merkataritza zuzendaritza hartu zuen, 1969an hiru enpresak Danobat Sociedad Cooperativa izenarekin batu ziren arte. Danobat berriaren Merkataritza Zuzendaria izan zen ordutik, eta baita Zuzendaritza Batzordeko Presidente ere lau urtez. 1974an Danobat utzi eta Maherholding sortu zuen makina-erremintaren arloko beste enpresaburu batzuekin. Bertako Zuzendari Nagusia izan zen, Juan Gabilondorekin batera, 2005eko abenduaren 30ean erretiroa hartu zuen arte. Maherholdingen egon zen bitartean kargu ezberdinak izan zituen bere partaidetzako enpresa zein filialetan. Nabarmentzekoa da Goratuko Zuzendari Nagusia izan zela 8 urtez. Halaber, kargu ezberdinak izan ditu ondokoen kontseilu edo batzordetan: Maherholding, Invema, AFM, Invema, Acomhe, Tekniker, Fatronik (Kontseilari eta Presidente gisa), Ekor, Adegi, Adegilan eta IMH.

Ezkondua dago eta bi alaba ditu. Alaba batek gizarte-osasun arretaren arloan lan egiten du; besteak, makina-erremintaren arloan, aitaren bizitza baldintzatu zuten arloak alegia: arlo teknikoa eta osasuna.

Zaletasunak: Bizitza profesionalarekin uztartuz, Elgoibarko ekintza sozio-kulturaletan parte hartu izan du. Aipatzekoa da Elgoibar Ikastolako Presidente zela. ikastolaren eraikin berria inauguratu zen garaian. Haren ingurukoek esandakoaren arabera, irakurle eta zinemazale amorratua da, solaskide jatorra, eta giza-jainkozko gai guztien inguruan eztabaidatzeko gaitasuna duena. Horrez gain, makina-erremintaren arloak izan dituen bizipen eta pertsona ugarien inguruko “Wikipedia ibiltaria” dela esan dute haren gertukoek, bai eta gerra osteko eta trantsizioko Elgoibarren ingurukoa ere. "Harrigarria da Elgoibarrek bizi izan dituen gertaeren datak zenbateko zorroztasunarekin gogoratzen dituen". Era berean, gustuko du giza balioei eta ezagutzaren kudeaketari buruzko azken joerak jarraitzea.

Jubilatuta badago ere ez du bere burua horrela ikusten: Anateusk Elkarteko sortzaileetako bat da, eta azken sei urteotan, animalien laguntzarekin osasunaren hobekuntzan eragiteko ekimenen sustapenean dihardu.