Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

kultur artekotasuna jardunaldiak elgoibarElgoibarren elkar-bizi! jardunaldiak antolatu ditu Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak, urriaren 13tik 28ra bitartean. Gizartean zabaldutako uste okerrak isildu eta gogoeta egitera bultzatu nahi gaitu egitasmo honek. Hainbat hitzaldi, tailer eta ekimen antolatu dituzte nagusi zein umeentzat, nork bere berezitasunak izan arren, oinarrian denok berdinak garela erakusteko.

Gizarteratzeari eta gizarte bazterkeriaren gainean Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak otsailean publiko egin zituen diagnosi eta lan planean du abiapuntua Elgoibarren elkar-bizi! egitasmoak –Elgoibarko Udaleko Gizarte Ongizate Saila eta Berdintasun eta Enplegu Saila, Lanbide, Zabaltzen elkartea, Caritas, Gurutze Gorria, Nagusilan, Stop Desahucios Debabarrena, Gizarte-bazterkeriaren aurkako Plataforma, Arreiturreko Guraso Elkartea, Ikastolako Guraso Kontseilua eta Kalamua Guraso Elkateak osatzen dute Gizarteratze Mahaia–.

Kulturartekotasuna sustatzeko asmotan

Diagnosi haren arabera, etorkinak, emakumeak eta adinekoak dira bazterkeria jasateko arrisku handieneko giza-taldeak eta hortaz emakume etorkinak dira kate horretan ahulenak; gizarte-ongizate eta bizi-kalitatea eskuratzeko oztopo, sozial, ekonomiko eta politiko handienak pairatzen dituztenak, alegia. Gizartean zabaldutako uste okerrak isildu eta gogoeta egitera bultzatu nahi gaitu kulturartekotasuna sustatzeko asmotan antolatu duten egitasmo honek. Hainbat hitzaldi, tailer eta ekimen antolatu dituzte nagusi zein umeentzat, nork bere berezitasunak izan arren, oinarrian denok berdinak garela erakusteko. Ekitaldi horiek leku desberdinetan egingo dira, eskaintza ahalik eta zabalena eta erakargarriena  izan dadin.

Ipuin kontalarien saioak umeentzat

Hain zuzen ere, haurrei dagokienez, jardunaldi hauen baitan, ipuin kontalarien saioak izango dira Udal Liburutegian 5 eta 6 urteko umeentzat. Horretaz gain, hainbat tailer antolatu dira lehen hezkuntzako ikasleentzat Elgoibarko ikastetxeetan.

Filmak eta gaurkotasunezko hitzaldiak

Era berean, eta helduei zuzendurik, bi filma emango dira; biak ala biak, emakume arabiarrek, hala jatorrizko herrialdean nola harrera-herrialdean, dituzten zailtasunei buruzko gaia azaleratzen dutenak. Horretaz gain, gaurkotasunezko gaiei buruzko bi hitzaldi eskainiko dira: lehendabizikoa izango da, eskolan belo islamiarra erabiltzearen inguruan sortu den gatazkaren ingurukoa, eta bigarrena, berriz, populazio migratzailearen inguruan dauden estereotipoen eta aurreiritzien gainekoa.

• Munduko arrozen dastaketa

Azkenik, azpimarragarria da, hainbat jarduera programatu direla bertakoen eta migratzaileen arteko harremanak sustatzeko guneak sortzeko asmotan. Hala, hilaren 22rako, larunbata, emakume migratuekin egingo den topaketaz gain, urriaren 15ean, arrozez prestatutako jakiak dastatzeko ekitaldi bat antolatu da. Jaki hauek, munduko hainbat lekutatik etorritako elgoibartarrek prestatuko dituzte.

kultur artekotasuna jardunaldiak elgoibar borobilean

EGITARAU OSOA:

  • Urriak 13, eguena: Fatima filmaren proiekzioa. 21:30 ean, Herriko Antzokian. Laguntzailea: Ongarri.
  • Urriak 14, ostirala: Zine Foruma eta kafea pastekin. El Cairo 678 filmaren harira solasaldia antolatu dute Haizea emakume taldekoek. Loredi Salegik gidatuko du saioa. 21:30ean Kultur Etxeko hitzaldi gelan.
  • Urriak 15, larunbata. Munduko arrozen dastaketa. 12:00etan, Maalan.
  • Urriak 18, asteartea: Ikram Ghacham ipuin kontalariaren saioa: Simbad Marinela. 17:00etan, 5 urteko haurrentzat, Udal Liburutegian. Antolatzailea: liburutegikoak eurak.
  • Urriak 18, asteartea: Hitzaldia. Belo islamikoa eskolan izenburuko hitzaldia eskainiko du Amalia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasleak, 19:00etan, Kultur Etxeko hitzaldi gelan.
  • Urriak 20, osteguna. Hitzaldia: Zurrumurruei stop izenburkoa. SOS Arrazakeria taldeko Agustin Unzurrunzagak emango du hitzaldia. 19:00etan, Kultur Etxeko hitzaldi gelan.
  • Urriak 22, larunbata. Emakume migratuen kulturarteko topaketa, Miriam Herbonek gidatuta. 17:00etan, Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.
  • Urriak 25, asteartea: Quita Ourdi ipuin kontalariaren saioa. Arabiar bitxikeriak izena du saioak. Lehen Hezkuntzako lehen mailako eskola umeentzat izango da. 17:00etan, Gotzon Garate Udal Liburutegian. Antolatzailea: Liburutegikoak eurak.
  • Urriak 17-28: Jolasean elkar ezagutzen dugu izenburuko tailerra. Herri Eskolan (urriak 17-28) eta Ikastolan (urriak 25-28). Dinamizatzailea: Baikara.
 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza