Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

 ane beitia blanca larrañaga elgoibarElgoibarko Udalak Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren Udal araudia egokitu duela iragarri du. Egokitzapen honekin, zerbitzuaren ordainketarako Udalak bideratutako diru kopurua, zein onuradun kopurua, asko handituko direla nabarmendu dute.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua elgoibartarren profil berriei eta beraien beharretara egokitu dadin aldatu duela udal araudia jakinarazi du Elgoibarko Udalak. Elgoibarko alkate Ane Beitiak adierazi du indarrean zegoen araudia 2006koa zela, eta honenbestez, araudiaren moldaketa honi esker pertsonen behar berrietara egokituko dela Elgoibarko Udala, "kalitatezko zerbitzu integral bat" eskainiz. "Gure herritarrengana gehiago hurbilduko gara, aukera eta irtenbide gehiago eta hobeak eskaintzeko, azken finean, haien bizi kalitatea hobetzeko" azaldu du alkateak.


Etxez etxeko laguntza zerbitzua, laguntzarako eta prebentziorako izaera duen zerbitzua da, eta halaber, edozein motatako mendekotasun arriskuan edo edozein motatako mendekotasun egoeran dagoen erabiltzaileari bere bizilekuan bertan laguntzeko helburua du. Hala, erabiltzaileari arreta pertsonalerako laguntza eskaintzen diote, etxean bertan baliatu eta inguru komunitarioan integratu ahal izateko, eta hartara, isolamendu egoerak ekiditeko.


• Arreta taldeak eta laguntza ekonomikoak handitzen dira

Ongizate arloko arduradun Blanca Larrañagaren berbetan Elgoibarko Udalak esfortzu handia egin du zerbitzuaren ordainketara zuzendutako diru kopurua handituz. Hortaz, zerbitzua jasotzen duten arreta talde edota onuradun kopurua handitu egin da. Larrañagak gaineratu du, araudi berri honi esker funtzio berriak ere ezarri direla, besteak beste, psikoestimulazioarekin erlazionatutakoak.

14 euro orduko, gehienezko prezioa

Elgoibarren Bizitzen Elkartea arduratzen da etxez etxeko laguntza zerbitzuaz (ikus hemen Etxez etxeko zerbitzua kontratatzeko lizitazioaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean) eta lan egunen orduko prezioa, 18,34 eurokoa da lanegunetan. Erabiltzaileak zerbitzuaren kostuaren ehuneko bat ordaintzen du, betiere bere gaitasun ekonomikoa kontuan hartuta. Gaitasun hori zehazteko, zerbitzuko onuradun guztien errenta eta ondarea hartzen dituzte kontutan. Gainerakoa Elgoibarko Udalak jartzen du. Blanca Larrañagak aurreratu duenez, Udalak datorren urtean handitu egingo du zerbitzura egiten duen diru ekarpena, eta hala, erabiltzaileek 14 euro ordaindu beharko dituzte, gehienez. "Gure konpromisoa da pertsona bakar bat ere ez dela sekula geratuko etxez etxeko laguntza zerbitzurik jaso gabe, aurreikusitako gastu kopurutik irten bagara ere".

Erabiltzaileak eta gastua 2015ean
 Gaur egun, 44 herritar dira etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzen dutenak. Hirugarren adineko pertsonak dira 39, ezinduak hiru eta bestelakoak beste bi. Zerbitzua jasotzen dutenen artean 29 dira emakumezkoak, hamalau gizonezkoak eta familia bat ere badago. 2015ean 83.748 euroko gastua izan zuen zerbitzu honek Udalarentzat. Erabiltzaileen ekarpena 15.759 eurokoa izan zen, Gipuzkoako Foru Aldundiarena 50.435 eurokoa eta Elgoibarko Udalak 17.553 euro jarri zituen.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan alta hartzeko eskabidea

Etxez etxeko laguntzari dagokion zerbitzuaren eskatzaileen zerrendan sartzeko informazioa nahi duenak Udaleko gizarte zerbitzuetara hurbildu daiteke edota 943 74 10 08 telefono zenbakira dei dezake. Larrañagak jakinarazi du erabiltzaileen artean asebetetze inkesta bat egin dutela eta emaitza "oso onak" izan dituztela nabarmendu du. "8,6ko batez besteko nota jaso dugu. Langileek 9,1-ekoa, enpresak 8koa eta Udaleko teknikari eta administrariek 8,8koa. Nota oso onak atera ditugula uste dugu, baina hurrengo inkestan bikain atera nahi dugu, eta asmo horretan egokitu dugu udal araudia", esan du.

Araudi berriaren ezaugarri nagusiak

Etxean artatzeko zeregin instrumentalez gain (etxebizitza garbitzea, ohea egitea, arropa garbitzea eta lisatzea, etab.) eta eguneroko jarduerekin zerikusia duten laguntza pertsonalerako zereginez gain (garbiketa eta higiene pertsonala, mugitzeko laguntza, medikazio kontrola eta jarraipena, etab.) araudiak jarduerak bultzatzearekin, aisialdiarekin edo eguneroko beste jarduera batzuekin zerikusia duten bestelako jarduera instrumentalak ere jasotzen ditu (pertsonarentzat atseginak diren ekintzak egiteko jarduerak egitera bultzatzea, etxetik kanpo laguntza ematea, erosketak, kudeaketa banketxeetan edota osasun arloan, gutunak idaztea, telefonoz dei egitea…).

Araudiaren aldaketa hauekin, Elgoibarko Udalak honakoa du helburu:

  • Erabiltzaileen autonomia pertsonala mantentzea edo hobetzea, narriadura prebenitzea eta autonomiaren galera konpentsatzea. Horretarako, erabiltzaileei laguntza partziala edo osoa emango zaie, eguneroko bizimoduan, euren burua zaintzeko beharrezkoak diren oinarrizko jarduerak edota jarduera instrumentalak egiteko.
  • Erabiltzaileen gizarte eta familia ingurunea osatzen duten zaintzaileei laguntza eskaintzea, eta horiek egiten duten zaintza lanaren zati batetik jaregiten laguntzea, zaintzaileek ere beraien garapen pertsonalerako, profesionalerako eta sozialerako baldintza egokiak izan ditzaten.
  • Erabiltzaileen eta zaintzaileen segurtasun sentimendua sendotzea.
  • Erabiltzaileak beren komunitatean integra daitezen bultzatzea eta bakartze egoerak saihestea.
  • Beste zerbitzu batzuen esku-hartzea eska lezaketen premia-egoerak antzematea.
  • Bideragarria den heinean, pertsona ahalik eta denbora gehienean eta bizi-kalitate onargarriarekin, etxean egoteko aukera ematea, eta hartara egoitzaren edo zentroren batean sartzeko unea atzeratzea edo sarrera hori ekiditea.

Informazio osoagoa: Elgoibarko Udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza