Denboran atzera, 1936ko irailaren 21era jauzia egingo du Elgoibarrek asteburuan

Barren.eus 2016ko ira. 15a, 18:12

1936an, irailaren 21ean, tropa faxistak Azkaraten behera Elgoibarren sartu ziren eguneko gertaeren errekreazioa egingo dute asteburuan herriko kaleetan.

80 urte pasatu dira tropa faxistak Elgoibarren sartu zirenetik. Azkaraten behera iritsi ziren Elgoibarrera, eta horrek hainbat eragin izan zituen herritarrengan. Batzuk ihes egin behar izan zuten, beste batzuk soldadu eta erreketeak etxean edukitzera behartu zituzten, beste asko atxilotu eta hainbat fusilatu ere egin zituzten. Hura guztia ahanzturan gelditu ez dadin, eta hemendik aurrera oroimenean gordetzeko, orduko gertaeren errekreazioa prestatu dute Elgoibar1936 eta Taupada taldeek. Barixaku iluntzean eta zapatu eguerditik aurrera izango da. Hala ere, ekitaldi nagusia zapatu iluntzean egingo dute, 21:00etatik aurrera, Kalegoen plazan.

Antolatzaileek herritar guztiak inplikatu nahi dituzte errekreazio honetan, eta ikusle soilak baino gehiago izatea nahi dute. Besteak beste, ondorengoak eskatu dituzte: garai hartako erropak jantzita irteteko eskatu diete, teknologia berriak ez erabiltzeko, argazkiak flash-ik gabe ateratzeko, sakelako telefonorik ez erabiltzeko, tabernetan musika eta telebistarik ez ipintzeko...

EGITARAUA

IRAILAK 16, BARIXAKUA
Milizianoen gaua.
IRAILAK 17, ZAPATUA
21:00 Kandelen piztutzea. Egia, justizia eta erreparazioaren eskaera. Kalegoen plazan.
IRAILAren 19tik URRIAren 1era
19:00 Erakusketa: Legion Condor Alemana Euskal Herriko bonbardaketetan. Aurkezpena: Klaus Balezta. Kultur Etxeko erakusketagelan. Astelehenetik barixakura, 18:30etik 20:30era. Zapatuetan,12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.
IRAILAK 21, EGUAZTENA
19:00 Hitzaldia: Frankismoaren aurkako Argentinako kereila. Hizlaria: Josu Ibargutxi. Kultur Etxean.