Alizia Txurruka elgoibartarra onik irten da Istanbulgo aireportuko atentatutik

Barren.eus 2016ko eka. 30a, 11:52

Hasierako sustoa pasatu ondoren hitz egin du BARRENek Alizia Txurruka elgoibartarrarekin, Istanbulgo atentatuak gertatu eta ordu gutxira. “Ondo gaude, orain arte egon naiz oso nerbiosa eta oso tensa”, adierazi du.

Taiwanera zihoan Alizia Txurruka, lan bidaia batean, lankide batekin batera. Istanbulgo Atatürk aireportuan eskala egiten ari zen, VIP aretoan. “Oso lasai geunden noiz afalduko genuen pentsatzen. Derrepentean jendea hasi zen sartzen oihuka eta saltaka. Orduan gu ere jaiki ginen. Ez genekien zer pasatzen zen. Errefujio bila hasi eta ez zegoen non ezkutatu ere. Ahalegindu ginen nonbait sartzen eta ez ziguten lagatzen. Pixka bat kaotikoa… Gero beste toki batera joateko esan ziguten, pasillo estu batetik, jendea jausten… gaizki, gaizki. Ez genekien zer gertatzen zen”.

VIP aretora ihesean sartu zirenek ere ez zekiten ezer. “Jendea hasi zen saltaka eta denak saltaka”. Handik denbora batera egoera kontrolpean zegoela esan zieten, baina bapatean jendea berriz hasi zen korrika, berriro. “Sartu ginen sukaldean, ezkutatu ginen apalen artean, altzairuzko bandejak hartu genituen tapatzeko eta ezkutu moduan babesteko, tiroka hasten baziren kubritzeko”.

Gero aireportua desalojatu behar zela esan zieten, hoteletara bidaliko zituztela. “Irten ginen handik eta dena zegoen jendez beteta”, baina informaziorik ez zuten. 

Eztei bidaian zihoan bikote azpeitiar batekin, madrildar batekin eta kolonbiar batekin taldea osatu eta autobusean sartu eta plaza baten erdian laga zituzten. Hotel batean sartu ziren haiek eta beste asko eta hotelak denei kobratu nahi izan zien. Ordu batzuk geroago hegaldi konpainiak gela ordainduko ziela konfirmatuko zien. “Zu han hotel batean zaude baina ez zara seguru sentitzen. Gorputzean estres hori duzu sartuta”.  04:30ak eman zieten gelara joan zirenerako.

•Buelta etxera 

Atentatuak izan ondoren Taiwanera ez jarraitzeko erabakia hartu zuten Aliziak eta bere lankideak. Biharamunean txartelak aldatzea lortu zuten eta eguazten arratsalderako Loiuko aireportura iritsi ziren. 

“Hegazkinean sartu naizenean lasaitu naiz. Gainera korrika ibili gara, denbora justua geneukan eta”, adierazi du. Lehen hegazkina hartu nahi zuten etxera lehenbailehen bueltatzeko.

“Uste dut denboraldi handi batean ez dudala hegazkinik hartuko”, aitortu du martitzeneko esperientzia gogora ekartzean. “Pelikula bat bezalakoa izan da. Beste atentatu batzuk egon dira, Bruselan adibidez; hau gauza bera da. Beti pentsatzen duzu “hori niri ez zait pasatuko”. Eta egunero daude hegazkin pila bat eta mediorik seguruena da, baina guk kontatu dezakegu eta pozik gaude; beste batzuek, ez”.

atentatua ataturk